Zuzenean
«Mendi erretzearekin landarediaren eboluzio normala, belardi izatetik oihan bilakatzekoa, eten nahi da, beti ere ganaduarentzako belarra ukaiteko», esaldi bakarrean hala laburtu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Iker Elosegik praktika honen zentzua. Ganaduarentzat oztopo izan ahal diren otadi itxiak desegitea eta lurra ongarritzea ditu ondorio, «erreketak erraustu egiten du eta lurrean geratzen dira airera joan ez diren elementu kimikoak, mineralak. Izaten ahal da nitrogenoa, fosforoa, postasoa... hoiek lurrean geratzen dira eta lurrak berriz irentsiko ditu. Laborariek badakite hori eginez gibeletik sortuko diren belar motak ganaduarentzat elikatzeko interesgarrienak direla».
Gelditu Makinak saioaren 19. atala mendi erretze hauen ingurukoa izan da. Elosegik praktika hau mendetan gauzatu dela gogoratu du eta honen ondorioak lurrarentzat ere positiboak direla aztertu ahal izan dutela. Larrainen egindako ikerketa bat ekarri du gogora, «azken puntako teknikak baliatuz aztertu dute bertako lurra, azken 1000 urtetan baliatu diren praktikak aztertuta; eta hor barnean dago erretzea, zenbat ganadu igotzen den mendira, noiz... ondorioa da halako praktikak baliatu diren larre eremuetan lurraren iraunkortasuna beste lekuetan baino hobea dela».
Legez egoera oso ezberdina da hegoaldean eta iprraldean, «hegoaldean ez dago erabat debekatua baina hain da konplexua baimenak ukaitea non kasik nehork ez duen gehiago egiten», Elosegiren hitzetan.
Laborarien botere harremana
Iparraldean egoera oso ezberdina da, «jendarte batean laborari munduak zer pisu duen eta zer botere harreman dagoen erakusten digu honek», EHLGko ordezkariaren ustez. «Laborantzak Iparraldean jakin izan du jendartearekin konektatzen aspaldian, oso lotua dago hori zer laborantza eredu garatu denarekin. Guk laborantza herrikoi eta iraunkorra deitzen dugun eredu hori. Jakin dugu jendeari ulertarazten honakoa: ‘begira hainbeste maite duzun paisaia hau, hainbeste gustatzen zaizkziun mendi horiek... horrela dira gure lanaren eraginez’». Eta dio, lan horien baitan, mendiko suena ere tresna bat dela.
Azken urteetan sortu den ika-mikaren inguruan dio EHLGtik saiatu direla gerturatze ariketa bat egiten, baina ez dutela lortu: «Apezekin egiten bada debate bat, momentu batean ohartzen zara ezin dela debatitu sinesmenen inguruan eta ohartu gara mugimendu horiekin ezin dugula elkar ulertu, haien sinestea da sua munduko gauzarik txarrena dela eta beraz nonahi debekatu behar dela».
Dio ez dela «suaren abokatu bat», baina «suak zentzu bat» baduela, «badu orain eta pentsatzen dugu izango duela geroan ere, ez sistematikoki, eta ez nolanahika».
Zer baldintzatan egin daitezke erreketak?
Hegoaldean oso araututako praktika da mendi erreketena eta Gelditu Makinak saioaren atal honetan Aitor Bazterrika Baztango basozainak azaldu ditu betebeharrak. Nola neurtzen duten arriskua, eskariak nork eta nola formulatzen dituen eta hauei nola ematen zaien bide. Iaz erreketa asko izan baziren ere hurrengo asteetan dezente izango direla aurreratu du.