Zuzenean
Maite Lazkano Gipuzkoako Bidaia Agentzien Elkarteko bozeramaileak azaldu digunez, «lan-uholdea» etorri zaie orain gainera. Baina, gaineratu nahi izan du, lana biderkatu zaiela. Izan ere, Lazkanoren esanetan, faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak bidaiatzen den herrialdearen arabera: zein neurri dauden bertan, zer eskatzen duten bertan sartzeko... Eta hori, bezeroei aldez aurretik azaldu behar diete: «Kontuan hartu behar da, bidaiatu badaiteke ere, bidaiatu nahi dugun herrialde bakoitzaren neurriak ezagutu eta horietara moldatu behar garela».
Azaldu du, halaber, jendeak gogoa duela bidaiatzeko eta geroz eta jende gehiago animatzen dela bidaiatzera. Baina, azpimarratu du, txertatuta egonez gero, ez dagoela aparteko arazorik, Covid pasaportea eskatzea erraza baita. Txertatuta egon ezean, aldiz, herrialde batzuek antigeno edo PCR proba negatiboa eskatzen dute: «Proba eskatzen duten herrialdeetara bidaiatzeak atzera botatzera bultzatzen du jendea».
Hala ere, adierazi du, badirela hainbat herrialde PCR edo antigeno probarik eskatzen ez dutenak. Herrialde horiez gain, Lazkanok azaldu du jendeak nahiago izaten duela urrutira joan gabe bidaiatu; oraindik beldurra baitago.
Bestalde, Lazkanoren hitzetan, «oso laguntza gutxi» jaso dituzte instituzioen aldetik, eta arrazoi horrek, hain justu, behartu ditu bidaia-agentziak elkarrengana hurbiltzera. Azaldu du, gainera, Bidaikideren helburua jendeari kalitatezko bidaiak eskaintzea dela, eta lasaitasuna transmititu nahi izan dio jendeari, nolabait, bidaiatzera animatzeko dei eginez: «Arriskua leku guztietan dago, baina orokorrean, ez dago inolako arazorik eta nik, jendea animatzen dut uda honetan bidaiatzeko».