Zuzenean
Amaraun baten gisan, erraza da korapilatzea Trans pertsonak gaixotzat hartuko ez dituen lege honek jasotzen dituen hari mutur guztiekin. Batzuentzat positibo denak, besteentzat zehaztasun eta ñabardura asko behar baitu. Izan ere, gurean izan da Naizen elkarteko bozeramale Bea Sever, eta aitortu du, bere ustetan, lege hau «hankamotz» gelditzen dela, ez baititu adingabekoak aintzat hartzen: «Lege honen bidez, 14 urtetik gorakoek soilik izango dute eskubidea lege honetaz baliatu eta prozesua hasteko, beraz, 14 urtetik beherakoez ahaztu da lege berria».
Severren ustez, agerian da transexualitatearen gaineko ezjakintasun handia dagoela. Izan ere, aldaketaren gakoetako bat Erregistro Zibilean dago. Aurrerantzean 14 urtez gorakoek eskubidea izango dute nahi izanez gero eurek nahi duten generoa hautatzeko. Baina, Severrek dioenez, zein diren badakiten haurrak ez dira soilik 14 urtetik aurrerakoak. Izan ere, adierazi du, Naizen elkartean badaudela txikiagotik zein diren badakitenak ere, eta horiekin ahaztu egin dela lege berria. Beraz, bere ustez, agerian da transexualitatearen gaineko ezjakintasun handia dagoela.
Legea aurrera atera baino egun bat lehenago Irene Monterok esan zuen aurrera pausu handia dela lege hau ezartzea, eta honek aldaketa bat ekarriko diola gizarteari. Ados dago Monterorekin Sever. Izan ere, berak ere jakin badaki urrats handia eman duela gizarteak lege hau ezartzerako garaian. Baina, gabezia handiak ikusten dizkio legeari: «Gure haur askoren kasuan, hobeto gaude legerik gabe». Antzerako lege batzuekin alderatu nahi izan du oraingoa. Esaterako, erregistroan datuak aldatu ahal izateko genitalak aldatu beharrik ez izatearen legea garaipentzat duen arren, atzeman zizkion bere garaian hutsuneak lege horri. Beraz, argi du, Trans Legea onartu izana aurrerapausu handia dela baina legeak adintxikikoak aintzat hartu ditzan borrokan jarraituko dutela dio.
Badu esperantza txiki bat hala ere Severrek. Izan ere, argi du denborak gauza bakoitza bere tokian jartzen duela, baina eskuineko alderdien adierazpenen beldur da hala ere: «Eskuineko adierazpenek hegalak ematen dizkiete erasoei».