Zuzenean

Amaia Zurutuza

Olatz Peon: «Tolosaldeak merezi du gainerako eskualdeen osasun zerbitzu berdina»

Tolosako alkate Olatz Peonek NAIZ Irratian baieztatu du eskualdeko ospitalea Iurramendin eraikiko dutela. «Osasun eredua asko aldatu dela» argudiatuz, «momentua da titulartasun publikoa duen ospitale publiko bat izateko Tolosaldeak», esan du alkateak.

Audio_placeholder

Olatz Peon: «Tolosaldeak merezi du gainerako eskualdeen osasun zerbitzu berdina»

Loading player...
Lur sail honetan eraikiko da Tolosadeako ospitalea
Lur sail honetan eraikiko da Tolosadeako ospitalea

EAEn Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra. Asuncion klinika pribatu itunpekoak eskaintzen die osasun arreta herritarrei. Azken urte luzeetan ospitale publiko bat aldarrikatu dute herritarrek eta hamaika eragilek. Azkenean, asteazken honetan, Olatz Peon Tolosako alkateak iragarri du Iurramendin, suhiltzaileen egoitzaren parean dagoen aparkalekuan, eraikiko dutela eskualdeak ez duen ospitale publikoa.

Iragarpena eginda, Peonek NAIZ Irratian adierazi du Lakuako Gobernuak «plan funtzionala» osatu behar duela oraindik. «Ez dakit zenbat denbora beharko duen, guk nahiko genuke ahalik eta azkarren izatea ospitale berri bat Tolosan».

Alkateak gaineratu du Tolosaldeak, osasun sistemei dagokienez, «ibilbide» propioa duela. Hainbat ospitale izan zituela garaian eskualdeak, ondoren zehaztu zela Tolosaldeako herritarrak Donostiako ospitalean artatuak izango zirela eta une batean «herritarren eskariz» erabaki zela «ospitale pribatu bat kontzertatzea zerbitzu publiko bat» emateko.

Azken urteetan osasun sistemaren antolaketa eta eredua «asko» aldatu dela baieztatu du alkateak eta gaur gaurkoz «titulartasun pribatua izatea arazo bat» izan litekeela «koordinazio egoki baterako». Hala, ospitale publiko baten eraikuntza defendatu du baieztatuz Tolosaldeak gainerako eskualdeek duten osasun zerbitzu berdina merezi duela. «Orain da momentua titulartasun publikoa duen ospitale publikoa izateko Tolosaldeak».

Jaurlaritza Logoa