Zuzenean

Naiz Irratia

Gipuzkoako garraiolariak haserre, Aldundiak ezarri nahi dituen ordainsariekin

Gipuzkoako Aldundiak N-I eta A-15 errepideetan ordainsariak jartzeko asmoa iragarri ostean, Hiru sindikatuko Patxi Agirrek aldarrikatu du errepideen mantenua zerga bidez ordaindu beharko litzatekeela.

Audio_placeholder

Gipuzkoako garraiolariak haserre, Aldundiak ezarri nahi dituen ordainsariekin

Loading player...
Ordainsarien aurkako mobilizazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ordainsarien aurkako mobilizazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako garraiolariak haserre azaldu dira Foru Aldundiak N-I eta A-15ean ordainsariak jartzeko asmoa duela jakinarazi ondotik. Patxi Agirre Hiru sindikatuko kidea errepidetik bertatik mintzatu da NAIZ Irratiarekin eta zera nabarmendu du: Azpiegitura hauek «zerga bidez ordaindu behar dira, hezkuntza eta osasuna bezala».

«Orain dela 12 urte bidesaria ordaintzeko kontu hau hasi zenean esan genuen etxekoak izango ginela kaltetuenak, eta hala gertatzen ari da. Kanpotik datozenak astean behin edo bitan pasatuko dira, baina gu egunero gabiltza hor», adierazi du.

Foru Aldundiak proposatutako formula hori ez zaio batere bidezkoa iruditzen. «Errepideak denentzat dira eta denon artean ordaindu behar ditugu», baieztatu du.

Markel Olanok dioenez hala egiteak zama handia sortuko luke. Hiruko kideak ez du horrela ikusten, ordea. «Gipuzkoa administratzeko aukeratzen ditugu agintariak lau urtero. Beraz, administra dezatela ondo, ez guk sortzen dugun dirua nola-hala gastatu eta guri zorrak utzi. Modu errazenean ordainarazten dizkigute gero, peajea jarriz», salatu du haserrea ezkutatu gabe.

Erregaiaren zergari ihes egiten utzi

Bitartean, erregaiaren zergari «ihes egiten uzten diote», erantsi du Agirrek. «200 milioi euro inguru dira urtero. 33 zentimo dira litroko eta Gipuzkoan ez da ezer gelditzen. Gehiena Bizkaira eta Nafarroara doa eta zati txiki bat Arabara. Zergatik uzten diote zerga horri ihes egiten? Hori azaldu behar diote gizarteari».

«Hemendik pasatzen denak erregaien zerga ordaintzen du. Hemen botatzen dute gasoila, Europako merkeenetakoa baita», erantsi du. 

Errepideko mantentze lanak egiteko Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontua ez dela nahikoa esan du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak. Eta bada horretarako beharra. Errepideak «oso gaizki» ikusten ditu garraiolariak. «Aurtengo negua nahiko lehor joan da eta istripu handirik ez da izan. Baina N-Ien gainean zorua oso zaharra daukagu eta kontu handiarekin ibili beharra dago».

Gobernu espainiarrak, bere aldetik, iragarri du 2024rako bidesaria ordaintzea nahi dutela autobide guztietan. «Ea zer gertatzen den», dio Patxi Agirrek. «Kontrako iritziak azaltzen hasi dira, PSOE barruan ere bai».

Jaurlaritza Logoa