Zuzenean

Naiz Irratia

Batxilergoa ikasi nahi eta ezin, bakarrik dauden gazte atzerritarren errealitatea

Bidebietako Bideberri institutuan bakarrik dauden gazte atzerritarrak integratzen laguntzeko 'Lagunberri' programa garatzen ari dira. Jabi Lopez zuzendariak ezagutzera eman ditu, legediaren baitan gazte hauei jartzen dizkieten zailtasunak «Batxilergoko ikasketekin jarraitzeko».

Audio_placeholder

Batxilergoa ikasi nahi eta ezin, bakarrik dauden gazte atzerritarren errealitatea

Loading player...
Bideberri Institutua
Bideberri Institutua

Bideberri institutuan aniztasuna ez da salbuespena, kontrakoa baizik. 24 nazionalitate ezberdinetako ikasleak dituzte bertan. Horietako batzuk bakarrik dauden gazte atzerritarrak dira. Jabi Lopez zuzendariak azaldu duenez, lehen fase batean, ikasle hauek «harrera gelara» iristen dira eta fase hori burututa bi aukera eskaintzen zazkie ikasleei, «Lanbide Heziketako ikasketekin hasi, edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin jarraitzea». Bost ikasletik, bakar batek aukeratzen du DBH...

Akaso gehienek Lanbide Heziketarekin jarraitzea erabakitzen dute hori delako haien egoera erregularizatzeko aukera bakarra. Izan ere, 18 urte betetzean egoiliar baimena berritzeko, urte bateko lan kontratua exijitzen diete, baita 500 euro baino gehiagoko soldata bat ere.

Bi baldintza hauek eskatzea, Euskal Herrian sinatzen diren kontratuen bataztebesteko iraupena 47 egunekoa dela jakinda, «ameskeria» da Lopezentzat. Eta beste datu bat jarri du mahai gainean: «Momentu honetan, baita ere, euskal gazteen heren batek ez dauka inongo sarrerarik».

Hala, hilabetero 500 euro baino gehiagoko diru sarrerak eskatzea astakeri bat dela uste du, aintzat hartuta, gainera, Diputaziotik jasotzen duten diru-laguntzak ez direla kontuan hartzen. «Baldintza hauek ez daude betetzeko eginda. Eta betetzen ez badituzte, ezin dute egoitza baimena berritu, eta egoitza baimentik gabe ezin dute lan egin… Gazte hauek 18 urte beteta linbo legal batean geldintzen dira».

Hala ere, Migrazio Ministerioak bakarrik dauden adingabe migratzaileei eta tutoretzapekoak diren gazteei egoitza-txartela lortzeko ezarritako baldintzak murriztea proposatuko duela azaldu du: «Onartzea lortzen badute, mantentzen da baldintza bezala lan kontratua izatea, baina baliokide bezala hartzen da ikasketa prozesu batean sartuta egotea. Bestalde, diru sarrerak mantentzen dira, baina 400 euro izango dira, eta, aldi berean, kontuan hartuko dira Diputazioak emandako diru laguntzak».

Lopezek Bidebietako Bideberri institutuan, nota onak atera eta Batxilergoko ikasketak egin nahi dituzten gazte atzerritar asko daudela nabarmendu du. Haatik, prozesuaren amaieran, zenbait hormarekin aurkitzen dira, legezko tutoreek altxatzen dizkietenak barne: «Esaten diete ez direla besteak bezalako gazteak, beste beharrak dituztela, eta hobe dutela beste lan bat bilatzea».

«Nik nire seme-alabentzako ez nuke hori nahi. Beste gurasoek bezala, eskeini egin nien ibilbide logiko bat: DBH gainditzen baldin baduzu, egin batxilerra, eta, hau eginda, hor irekitzen dira aukera guztiak. Ez zait bidezkoa iruditzen ikasle mota jakin bati itinerarioak ezartzea», azpimarratu du Lopezek.

18ak eta linbo legalak

Hemezortzi urte betetzean, gazte horiek linbo legal batean geratzen dira, Lopezek azaldu duenez. Mohammed eta Suhaila kasu. Udan adin-nagusitasuna lortuko dute eta, beraz, laguntzak amaituko zaizkie eta tutoretzapeko etxebizitzetatik alde egin beharko dute.

«Kasu honetan, Suhaila beste laguntzak lortuko ditu, kale gorrian geratu gabe. Mohammeden kasuan, aldiz, bere etxean egoteko baimena eten egingo da eta beste bat emango diote, baina itxaronaldi hori kalean igaro beharko du», adierazi du Lopezek.

«Ez daki zer gertatuko den bere bizilekuarekin, esan diote bere ametsa, batxilerra ikastea, ez duela egingo, senide eta lagunak muga zeharkatu nahian daude… 17 urteko gazte batek horrelako motxila izatea gehiegizkoa da. Erraztasunak eman beharrean, ematen du behin eta berriz oztopoak jartzen ari garela, ea amore ematen duen behingoz».

'Lagunberri' programri buruz galdetuta, egin duten balorazioa «oso ona» dela nabarmendu du zuzendariak, batez ere ikasle hauek «ikasteko kriston gogoak» dituztelako. «Aurrera ateratzkeo ikasketak ezinbestekoak direla badakite, gogor egiten dute lan».

Jaurlaritza Logoa