Zuzenean

NAIZ Irratia

Ez da «gaixotasuna» izango, baina bide luzea dago egiteko

1990ean kendu zuen Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik. LGTBIfobia ez da gainditu, ordea, «biolentzia estrukturala»-z mintzo dira eremu honetan lanean ari diren eragileak, «ikusgarritasuna» emateko beharraz instituzioak. 

Audio_placeholder

Ez da «gaixotasuna» izango, baina bide luzea dago egiteko

Loading player...
(Attila KISBENEDEK/AFP)
(Attila KISBENEDEK/AFP)

Maiatzaren 17 baten, orain dela 31 urte eskas, erabaki zuen Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea despatologizatzea eta urtemuga honek balio du LGTBIfobian fokua jartzeko munduko hainbat herrialdetan. 

NAIZ Irratian izan dira indarkeria matxistaren eta LGTBIfobikoaren aurka lanean ari den Eihera kooperatibako Iñigo Etxezarreta, Uribe Kostako asanbalda transmaribibolloko Maider eta Noemi Ostolaza, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Saileko kabinetearen zuzendaria. 

Ostolazak MOEren 90eko erabakia «pauso inportantea» izan zela nabarmendu du, «nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko». Bere hitzetan «norbaitek ezin badu bere bizitza askatasunez bizi, bera den bezalakoa ezin bada adierazi, gizarte bezala hutsune handia dugu». 

Lakuak Ikuspegiren bidez 2020an egindako azterketa aipatuz, gogoratu du Ostolazak LGTBI kolektiboan egin zuten ikerketan lautik hiruk eskubide urraketaren bat bizi izan zutela ikusi zutela, «bai egoera diskriminatorioren bat bizi izan zutela edo euren izaera ezin izan zutela askatasunez adierazi». 

Ostolazaren ustez aurrera egiteko bidea «kolektiboari ahotsa ematea eta partaidetza ematea» da, «kolektiboa ikusgarri egin eta errespetutik eta enpatiatik lanketa eginez». 

MOEk homosexualitatea despatologizatu zuenetik «gauzak aldatu egin dira, bai», dio Iñigo Etxezarreta Eihera kooperatibako kideak, «aitortu egin behar da horrenbeste urtetan borrokan aritu diren pertsona horiek egindako guztia», baina «biolentzia oso presente dago oraindik gure bizitzan». 

Aurreratzeko falta den guztiaren adierazle gisa aipatu du Etxezarretak trans pertsonen egoera, «ikusi besterik ez dago zer patologizazio dagoen horren atzean, honek erakusten digu zientzian, biologian, medikuntzan... objektibotasunaren izenean egiten diren gauza horiek guztiak nola dauden bustita ardatz patriarkal eta LGTBIfobiko batengatik». 

Instituzio publikoek oro har daramatzaten politiken inguruan «estrategia politikorik gabekoak» direla uste du Etxezarretak, «ez du zentralitaterik, kanpora begirako mezuak dira, nahikoa horterak batzutan eta azalekoetan geratzen direnak». Matiza, «ondo dago e!», baina, «kanpainek balio dute baldin eta baldintza batzuk baldin badaude, eta estrategia bat baldin badago LGTBIon bizitzak erdigunean egoteko, eta kanpaina ondoren etorriko da». Ondorioz, «uste dut ez dagoela estrategia errealik politika ausartak eramateko». Beraz? «Abagune politiko bat sortzen ari da LGTBI politika esklusiboak sortzeko». 

Herri ekimenaren erremintak 

Maiz ikusi ez arren, ohikoak dira LGTBIfobikoak diren erasoak, hauek identifikatzeko lanean aritu ohi da Eihera kooperatiba, besteak beste, eta arlo honetan ekarpena egin asmotan gida berri bat aurkeztu berri du UKATUk, Uribe Kostako Asanblada Transmaribibolloak: «beharrezkoa da herri mugimenduan ez dagoelako horrelako materialik», kolektibo honetako Maiderren hitzetan. 

Ukatuk garatu duen gidak «dinamiketan» oinarritu asmo du, «baditu ariketa batzuk kolektiboen barruan lantzeko». Kolektibo honetatik diote «garrantzitsuena lanketa bat egin behar dela konturatzea» dela, «bestela zapalkuntzek iraun egiten dute, lehen pausoa beti lanketa hori egin nahi izatea da, eta pribilegioak alde batera uzteko prest izatea». 

Jaurlaritza Logoa