Zuzenean

«Sorpresaz hartu dut saria, ez nuen espero». Halaxe adierazi du Iñaki Sanz Azkue idazleak Naiz Irratian, bere «Etxeko leihoak naturaren behatoki» lanagatik CAF-Elhuyar saria irabazi ondoren. Kontatu du itxialdi bete-betean sartu berri ginenean idatzi zuela erreportaia. Oinarrian erreportai pertsonala dela azaldu du, baina baduela bere puntu zientifikoa ere.
Saria ematerako orduan, epaileek lanaren inguruan adierazi dute gaurkotasunari bete betean lotuta dagoela eta lanaren originaltasuna izan dela saritu dutena. Erreportai hori Gaur8 aldizkarian argitaratutakoa da martxoaren amaieran. Amagoia Mujika zuzendaria ere izan da Informazioaren Harian, eta, adierazi du benetan pozik dagoela. «Komunikatzaile aparta da Iñaki eta gero eta atrebentzia gehiagorekin idazten du». Idazlearen lana goraipatzeaz gain lanaren berezitasunak azpimarratu ditu Mujikak, batez ere «ikuspuntu pertsonal batetik» idatzita dagoela eta itxialdian, «shock egoeran» geundela. «Horrek oraindik eta originalagoa egin du lana».
Hasieran uko egin zion Sanz-Azkuek
Ez litzateke erabat zuzena «txiripaz» egin duela esatea baina argi utzi du idazleak lehen proposamena Amagoia Mujikak egin ziola telefonoz eta ezetz esan ziola, «oso lanpetuta nenbilen». Deia moztu eta ordubetera, ordea, damutu egin zela adierazi du eta «pare bat elkarrizketa eginda», mezu bat bidali ziola Gaur8ko zuzendariari, «hor duzu oparitxoa» esanez; hain juxtu, CAF-Elhuyar saria irabazi duen «oparitxoa».


