NAIZ Irratia

Poliziaren gehiegikeria salatu dute Legazpiko hainbat bizilagunek

Larunbatean Ertzaintzak Legazpiko parke batean ziren gazteen aurka egin zuen, 19 urteko gazte bat atxilotuz. Bizilagunek neurriz kanpo aritzea egotzi diote poliziari, «amorrua eta inpotentzia sentitzen ditugu»

Audio_placeholder

Poliziaren gehiegikeria salatu dute Legazpiko hainbat bizilagunek

Loading player...
Ertzaintzaren operazio honek polemika eragin du Legazpin. Auzokide batek grabatutako irudia da.
Ertzaintzaren operazio honek polemika eragin du Legazpin. Auzokide batek grabatutako irudia da.

Ohikoak ari dira bihurtzen COVIDaren aurkako neurrien baitan tabernen itxiera osteko ertzainen esku-hartzeak. Pasa den asteburuan Legazpin izan da horietako bat, 19 urteko gazte bat atxilotu eta Bergarako komisaldegian izan zuten gau osoan. Bere herrikideek polizia gehiegikeria salatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo iluntzean. 

Atxilotutako gaztearen gertuko eta senideak ari dira salaketa publiko egiten, horien artean dago NAIZ Irratian bere testigantza eskaini duen Irene. «Gezurra erabili dute hasiera-hasieratik» bere esanetan. 

Tabernak itxi ostean agertu zen Ertzaintza Legazpiko Agirre Etxeberri parkean, bertan ziren gazteei kontuak eskatzera. Poliziaren arabera, gerora atxilotu zuten gazteak aurre egin zien, «autoritateari eraso egitea» egotzi diote, hori gezurra dela diote bere herrikideek eta poliziak neurri gabeko indarra erabili zuela. 

Poliziaren gehiegikeria kasu baten aurrean gaudela dio legazpiar talde honek eta hausnarketa eskatu diote Segurtasun sailari, «beldurgarria izan zen larunbatekoa, Ertzaintzaren hariak manejatzen dituztenei hausnarketa egiteko eskatzen diegu».

Salaketa sarean

Sarean zabalpen dezente izan dute Legazpiko gertakariak jasotzen dituzten irudi eta bideoak. Grabazioak atxiloketa ostekoak dira, giroa ez dela tentsiozkoa ikus daiteke, harik eta bigarren polizia talde bat gerturatu eta bertaratuen aurka ekiten dion arte.