Ion T.Barrena
Elkarrizketa
Manu Lezertua
Arartekoa

«Covidari lotutako kexa berri asko izan ditugu eta lan egiteko giroa oso zaila izan da»

Legebiltzarraren inoizko babes handiena jasota ekin dio Manu Lezertua arartekoak (Bilbo, 1957) bigarren agintaldiari. Covida izan da 2020ko kexetan protagonista eta hainbat arlotan lan berezituak abiatu behar izan ditu bere bulegoak. Lanbide, Ertzaintza eta erresidentziak ageri dira nabarmenduta.

Audio_placeholder

«Covidari lotutako kexa berri asko izan ditugu eta lan egiteko giroa oso zaila izan da»

Loading player...
Manu Lezertua bulegoan, 2019ko irudi batean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Manu Lezertua bulegoan, 2019ko irudi batean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

10.000 ekinbide inguru egin ditu Arartekoaren bulegoak  2020an. Eskubide sozialen urraketak dira, beste behin ere, protagonista, baina Covidak eragin nabarmena izan du herritarren kexetan. Alarma egoeran ezarritako neurrien baitan poliziak izandako jarrerak nabarmendu zituen Manu Lezertua arartekoak berak urteko txostena aurkeztean, baita erresidentzien arloan gaitzak izan duen inpaktu handia ere. 

Urte oso berezia izango zen zuen bulegoarentzat ere azken hau ezta?
Bai, egia da, baina mundu guztiak arazo nahiko berdinak pasa ditu. Gure erakundearentzat ere urte oso berezia izan da eta gauza asko aldatu dira.

Jaso ditugun kexen %10 edo %15 inguruk zerikusia zuen Covidarekin

Nola eragin du Covidak herritarren kexuetan?
Zaila da kopurua esatea baina jaso ditugun kexen %10 edo %15 zerikusia zuten Covidarekin. Erresidentzietako egoerarekin ere asko jaso ditugu, baita Ertzaintzarekin loturikoak ere, Hezkuntzaren arlokoak, garraioa... Arazo berri asko izan ditugu eta gainera lan egiteko oso giro zaila.

Oinarrizko eskubide eta behar asko jarri ditu ezbaian pandemiak, oro har instituzio publikoek egoki erantzun dutela uste duzu?
Ni ez naiz pandemietan aditua, ezin dut esan zein izango litzatekeen neurri egokiena momentu bakoitzean eta nik uste dut elkarrekin deskubritu dugula zelakoa zen pandemia bat, zelako ezaugarriak zituen. Uste dut hanka sartzeak egon direla, batzutan beranduegi hartu direla neurriak, baina erreakzionatzeko gaitasuna egon dela. Gutxienez saiatu dira problemak konpontzen agertzen zirenean eta ikusten zenean neurri bat ez zela egokia edo indartu egin behar zela egin egin direla gauzak, batzutan apur bat berandu, agian, baina uste dut erantzuteko gaitasuna egon dela.

Urteko txostenean aipamen berezia egin zenion poliziaren esku hartzeari, kexu asko jaso dituzue honen inguruan?
Beti jasotzen ditugu, urtero, poliziarekin loturiko kexak. Kasu honetan Bilboko San Frantzisko kalean izandako gertakari baten harira jaso genituen salaketa batzuk. Gogoratu behar da Ertzaintzak ez duela zigorrik ipintzen; salaketa baizik, administrazioa da gero konpetentea zigorra ezartzeko eta oraindik ez dugu jaso kexarik ipinitako zigorra ez zela bidezkoa azalduz, oraindik badirudi ez direla asko ipini eta ikusiko dugu iturri horretatik kexa gehiago datozen.

Bestelakoan, Covidarekin loturiko salaketa asko jaso ditugu.

Zuen eskakizun eta argibide eskariek erantzun baikorra izaten dute?

Alde batetik gogoratu behar dut Arartekoari erantzuteko betebeharra dutela instituzioek, legeak arautzen duela; orduan, administrazio gehienek erantzun egiten dute, zelan erantzuten duten beste kontu bat da.

Hori esanda, kexu mordo bat, zati handi bat, oso erraz konpontzen dira. Esaterako, guregana dator herritar bat, bere arazoa azaltzen du eta guk kontaktuan jartzen dugunean administrazioarekin berehala edo egun batzutan konpondu egiten dute; ondorioz, guk ez dugu txostenik egin beharrik eta hori kasu askotan gertatzen da, ondorioz eraginkorra da kasu askotan Arartekoarengana jotzea eta laguntza eskatzea.


Manu Lezertua Legebiltzarrean, bere izendapenaren egunean (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Gero badira beste kasu zailagoak, gure txostena osatu eta gomendioak egiten dizkiogu administrazioari. Gure gomendioak ez dira bete beharrekoak eta hor portzentaje handi batean gertatzen da administrazioak edo ez duela erantzuten, edo ez dagoela ados erantzuten duela.

2020ko bilanean ere eskubide sozialen urraketak ageri dira nabarmenduta...
Bai, erdia edo eskubide sozialekin lotuta dago, bereziki diru sarrerak bermatzeko prestazioarekin (DSBE, RGI gazteleraz)...

Zein izaten da kexua? Kendu egin dietela prestazioa?
Luze joko luke, diagnostikoa osatzen jarraitzen dugu, legegintzaldi bakoitzean egiten dugu eta gai pilo bat ateratzen dira. Lanbiderekin lotuta ageri dira arazo gehienak.

Bada mota berezi bat aipatu nahiko nukeena, batzutan Lanbidek kendu egiten du errenta bermatzeko diru sarrera herritarrak ez duelako dokumentu bat aurkeztu, edo ez duelako abisatu egun batean ez zela joango lan elkarrizketa batera. Eta hor ikusi dugu Covidaren pandemiarekin herritarrentzat askoz ere zailagoa, edo ezinezkoa, zela dokumentu hori lortzea.

Eskatzen diogu Lanbideri kontuan hartzeko herritarrek izan dituzten zailtasunak eta ez erabakitzeko 'ez du aurkeztu dokumentua, kendu egiten dugu diru sarrera'. Ez, aztertu dezala lehenbizi zergatik ez duen aurkeztu

Eskatzen diogu Lanbideri kontuan hartzeko herritarrek izan dituzten zailtasunak eta ez erabakitzeko «ez du aurkeztu dokumentua, kendu egiten dugu diru sarrera». Ez, aztertu dezala lehenbizi zergatik ez duen aurkeztu, batzutan Lanbiderekin berarekin ere ezin zuten herritarrek harremanik egin. Bulegotik zioten, «egin dezatela telematikoki», baina diru sarrera horiek jasotzen dituztenek batzutan ez dute ordenagailurik, edo ez dira gai horiek erabiltzeko. Kanpotarrak badira eta ez dakit nongo enbaxada itxita baldin bazegoen, nola lortuko zituzten ba agiri horiek? Eskatzen dute gauza bat eta zuk ezin duzu egin eta inpotentzia handia sortzen du egoera horrek. Gainera, muturreko egoeran dagoen jendeaz ari gara hizketan, errenta hori ez jasotzeak suposatzen duenarekin.

Covid garai honetan adin handikoen egoitza edo erresidentzietan foko garrantzitsu bat izan dugu, jaso dituzue eremu honi dagozkin kexuak?
Bai, hasieratik jaso genituen kexak eta uztailean, gauzak gutxi gora behera amaitzen ari zirelakoan, erabaki genuen azterlan berezi bat egitea erresidentzia bakoitzean nolako neurriak hartu ziren aztertzeko.

Irailean hasi ginen txosten hori lantzen, baina ez genuen asmatu ze hurrengo hilabeteetan erresidentzietan egoera oso larria bihurtu zen. Lan pilo bat egin dugu baina informazio guztia lortzeko oztopo asko izan ditugu, beraz ez ditugu datu denak izango baina lortu ditugun datuekin aterako dugu gure diagnostikoa eta gure gomendioak hobetzeko erresidentzietan hartu behar diren neurriak, halakorik berriz gertatu ezkero kontuan har daitezen.

Hainbat gomendio orokor eta azterlan berezi iragarri dituzue hurrengo hilabeteetarako, zer eremutan?
Erresidentzietako hori legoke, alde batetik, eta bestetik atera dugu beste azterlan bat, familia erreferentziarik gabe dauden gazteek sufritzen dituzten arazoen inguruan. Informe nahiko zehatza atera genuen eta nahiko harrera ona izan du.

Estrategia integrala eraiki behar da gazte horien egoera tratatzeko eta laguntzeko. Egia esateko, nahiz eta ekimen batzuk izan diren ez dago estrategia zehatzik. Ia hor egiten ditugun gomendio zehatzen bidez lortzen dugun behar den bezalako babesa jende honentzako, asko sufritzen dutelako eta askotan kalean daudelako.

Eskubideei loturik Euskal Herriak badu eremu espezifiko eta propio bat, preso eta biktimei dagokiena, gatazkarekin lotua, elkarbizitzarekin... Zer ekarpen egin dezake Arartekoak eremu honetan?

Biktimen elkarteekin elkarrizketa nahiko eguneratua dugu eta aztertu egin ditugu ongi etorriak deitzen direnak, ia arazorik badagoen gai horretan. Guk arlo honetan gogoratu nahi dugu, alde batetik, lege bat dagoela, biktimen legea, biktimen kaltegarri izan daitezkeen ekimenak arautzen dituena. Gu saiatu gara aztertzen ia ekintza horietan badagoen biktimen aurka doan konturik. Kasu batzutan udalek kasu egin digute eta pentsatu dute egia zela hori biktimentzako ez zela egokia eta mingarria zela halako kartelak ikustea eta kendu egin dituztela. Beste kasu batzutan pentsatu dute ez zela hala eta orduan ez dute neurririk hartu.

Baina, nire kezka arlo honetan, kezka handiena, elkarbizitzarena da. Nahi baldin badugu Euskal Herri, Euskadi berri bat lortu pasatu dugunarekin, biktimen babesa oso elementu inportantea da. Orduan, ahal badugu min gehiago ez eragin biktimei errazago lortuko dugu elkarbizitzeko modu egokia.

Kontua ez da arazo penala, terrorismoaren apologia den edo ez, esan du Auzitegi Nazionalak ere ongi etorri bat ez dela penalki zigorgarria; baina ni kezkatzen nauena da gure elkarbizitzan izan dezakeen eragina, eta eztabaida hor dago, ze bestela biktimak guregana datoz esanez ia zer egiten duen Arartekoak hori ez dadin gertatu.

Biktima guztiek arreta bera jasotzen dute?
Arartekoaren aldetik bai. Batzutan egiten ditugun mugimenduak edo ekimenak ez ditugu publiko egiten, baina sufritzen ari diren pertsona batzuren inguruan lan asko egin dugu, batzutan Euskal Herritik oso urrun diren pertsonak dira eta kasu hoietan askotan lan egin dugu, baina isil-isilik. Gainera, gure eskumenetik kanpo dauden pertsonak dira, guk ez dugu eskumenik Puerto de Santa Marian gertatzen denaren inguruan baina diskretoki lortu ditugu hobekuntza nabariak.

Guk ez dugu diferentziarik egiten. Orain, zure galdera baldin bada historian zehar biktima guztiak berdintasunean tratatu izan diren, ba hor ere ikusi ditugun azken berriekin ikusten da ez dela horrela izan eta biktima batzuk sufritu egin dutela inolako babesik jaso gabe

Altsasuko familiarekin egon gara eta ahal dugun guztia egin dugu egoera hobetu zedin, gaur denak daude kalean. Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin hitz egin dugu, Espetxe Zuzendaritzarekin egin ditugu kudeaketak; azpimarratu diogu, «aizu begiratu zer egoeratan duzuen pertsona hau».

Guk ez dugu diferentziarik egiten. Orain, zure galdera baldin bada historian zehar biktima guztiak berdintasunean tratatu izan diren, ba hor ere ikusi ditugun azken berriekin ikusten da ez dela horrela izan eta biktima batzuk sufritu egin dutela inolako babesik jaso gabe. Niri dagokidanean ziurtatzen dizut ez dudala inoiz egin inolako ezberdintasunik.