Zuzenean
Gasteizko parlamentuak aho batez onartu zuen amiantoaren biktimei kalte ordainak emateko funts bat sortzea. Proposamen hori defendatu dute astearte honetan Espainiako Kongresuan euskal ordezkariek eta funtsa sortzeko proposamena aintzat hartzea erabaki dute.
Eztabaidaren unean Jesus Uzkudunengana jo dugu, Asviamie, amiantoaren biktimen euskal elkarteko kidearengana. Madrilera iritsi izanak «itxaropena» sortzen die, baina ez dute «konfidantza osoa». Uzkudunen aburuz funtsa «berebizikoa» da, asko gaixotu eta kalte ordainik gabe hil egin direlako. Gainera, gaixo askok ez dute enpresa auzitara eramateko aukerarik, iadanik asko desagertuta daudelako.
Asviamiek argi du, ordea, funtsak ez duela epaitegietako bidea etengo. Batetik, ikusteke dago funtsa zenbat diruz hornitzen duten; eta, bestetik, aukera badago enpresei kalte ordainak eskatuko diete. «Lege integrala» exijitu du, bai amiantoaren biktimak erreparatzeko eta bai gaur egun dagoen amianto dena kendu eta ongi kudeatzeko.
Gaur egun «bi mila bat lagun» ari direla amiantoa erretiratzen esan digu, eta gehienak prebentzio neurri egokirik gabe. «Horrek eta ingurunean dagoen amianto guztiak gaixo gehiago eragiten jarraituko du erakundeek ez badituzte neurriak hartzen».
1999tik 2018ra bitartean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 825 pertsona hil ziren amiantoaren ondorioz. Espainiako Estatuan, berriz, amiantoak 6.961 lagun hil ditu 19 urte horietan. Asviamieren arabera, 2019an 30 langile hil ziren; biktimen elkarteak ohartarazi du kasuen %10 baizik ez direla horiek.
«Borrokatzen jarraituko dugu. Agure kuadrila bat gara, baina hurrengo generazioek arazo bera izango dute ez bada amiantoa erretirazen. Berriro diot, lege integral bat behar da».