Zuzenean

Naiz Irratia

Presoen etxeratzea, amets berri bat Kutxara

«Bizi gira...Kutxa bira!» ekimenaren baitan, kutxa hori Reau-ko espetxean izan da asteburuan bertan diren presoen testigantzak ere jaso ahal izateko. Kristina Rodriguez, kutxa hori frantziar espetxera eramatearen arduradunetako bat Naiz Irratian izan da.

Audio_placeholder

Presoen etxeratzea, amets berri bat Kutxara

Loading player...
Espetxe aurrean egindako ekimena. (KUTXABIRA)
Espetxe aurrean egindako ekimena. (KUTXABIRA)

Martxoaren 20an abiatu zuten Argentinan «Bizi gira...Kutxa bira!» ekimena. Apirilaren 2an egin zioten ongi etorria Kutxari Baionako Bernat Etxepare lizeoan eta joan den asteburuan beste mila kilometro egin ditu Reau-ko espetxeraino. Kutxa hori eramateko arduradunetako bat izan da Kristina Rodriguez andoaindarra eta Informazioaren Harian adierazi du «pozgarria dela euskal preso politikoei ekimen honetan parte hartzeko aukera ematea».

Reau-ko espetxean dira preso Izaskun Lesaka burlatarra, Iratxe Sorzabal irundarra eta Ainhoa Ozaeta andoaindarra. Espetxerainoko bidaia egiteko oztopo asko izan dituzte Rodriguezen esanetan. «Lehenengo PCRen emaitzak aurkeztu behar izan ditugu eta ondoren Frantziako Gobernuak eskatzen dituen dokumentu guztiak». Hori gutxi ez eta bidaia egiten ari zirela furgonetak matxura bat izan eta botata utzi zituela adierazi du. Kostata, baina azkenean iritsi ziren.

Behin Reau-ko espetxera iritsita «presoen irribarre aurpegia ikustea zoragarria» izan zela azaldu du Andoaindarrak. «Euren ametsak idatziz jasotzea lortu genuen». Kutxara sartu zituzten mezuetan «etxeratzeko duten amets hori, euskal herriratzekoa» aipatzen dutela dio Rodriguezek. «Euren ametsa da hori, baina pentsatzen dut euskal preso politiko guztiena izango dela». Bide horretan, gaineratu du aspaldian oso bisita gutxi izan dituztela Reau-n dauden euskal presoek eta Kutxabira ekimenak horretarako aukera eman diela.

Jaurlaritza Logoa