Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea): «Kutsatze gehienak 0-10 adin tartean ematen ari dira»

Ordiziako alkatea Informazioaren Harian izan da, Ordiziako egoera epidemiologikoren berri emateko. Udalean ez dakite zeintzuk diren kasu berrien gorakadaren «arrazoia», eta horri aurre egiteko, «datu zehatzagoak» emateko eskatu dio EAEko Osasun Sailari.

Audio_placeholder

Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea): «Kutsatze gehienak 0-10 adin tartean ematen ari dira»

Loading player...
Adur Ezenarro eta Maddalen Iriarte Ordizian. (@MaddalenIriarte)
Adur Ezenarro eta Maddalen Iriarte Ordizian. (@MaddalenIriarte)

1.052 kasuko intzidentziarekin asteazken honetan, Ordizia da, 400 kasuko intzidentzia metatuaren langa gainditzen duen herrietako bat, eta ondorioz itxiera perimetrala ezarria du, baita ostalaritzarentzako ordutegi mugak ere barnealdean.

Joan den astelehenean 11 ziren Ordizian detektatutako positiboak. Hurrengo egunean berriz, 4 ziren. «Lautada batera» iritsi diren esperantza du Ezenarrok, baina gaur gaurkoz, egoera larria dela ohartarazi du, «une honetan Goierrira begiratzea eta bertan daukagun panorama gorria ikustea larria da». Hala ere, Ezenarrok datuei testuingurua eman nahi izan die: une honetan 106 kasu aktibo dituzte herrian, urrian aldiz 211 kasu aktibo izatera iritsi ziren. Ondorioz, «egoera nabarmen okertu daiteke baina hobetu ere bai» Ezenarroren esanetan.

Ez dago oso argi zein den kasuen gorakadaren zergatia. Badakite ordea, azken asteetan, kutsatze tasarik altuena 0 eta 10 bitarteko haurrek izan dutela. Eta aurreiritziek esaten dutenaren aurka, Ordizian behintzat kutsatze tasa ez da izaten ari bereziki altua gazteen artean. Zentzu horretan kutsatzeen arrazoien argazki osoago bat nahiko luketela gaineratu du Ezenarrok, baina zaila izaten zaiela Osasun Sailak ez baitie behar adina daturik ematen udalei. «Behin eta berriz esan diogu Osasun Sailburuari ez dugula ulertzen datu zehatzagoak ez jasotzea, langa jakin batzuk gainditu direnean. 400eko tasa duen herri batek 80ko tasa duen herri baten datu berberak jasotzen ditu» azaldu du alkateak.

Hainbat hedabidek Ordizia eta beste herri jakin batzuei eskaini dien «oihartzun mediatikoa» ere kritikatu du. Adierazi du Ordiziak beste herri askoren joera berdintsua izan duela «gu oraintxe bertan gailurrean gaude, baina azkenak izan gara iristen. Martxoaren hasieran hiru positibo aktibo genituen».

Egoerak okerrera egingo balu Ordiziako Udalak neurri berriak ezartzea baloratuko luke, baina oraingoz, bilakaera epidemiologikoaren zain daude.