Zuzenean
Kulturak garai nekezak bizi dituen honetan, apustu ausarta, arriskatua egin dute Ylenia Bagliettok eta Lander Otaolak. Eurak idatzi, zuzendu eta ekoitzitako antzerki obra bat taularatuko dute datorren apirilaren 2, 3 eta 4an Bilboko Euskalduna Jauregian.
Musikak garrantzia handia du 'Amor y Humor' antzerki obran, eta luxuzko kolaboratzailea izango dute gainera lagun oholtza gainean: Neil Ibarrondo arituko baita pianoan, ezagunak ditugun hainbat abestiri buelta bat eman eta bere bertsioak proposatzen.
Ylenia Bagliettok azaldu digunez, egunerokotasuna izan dute gidoiaren abiapuntu. Izan ere, eguneroko gauza txikietan topatzen dira sarritan gairik unibertsalenak eta horri heldu nahi izan diote lan honetan, beti ere umorez. Neurri batean esan daiteke lan autobiografikoa dela, ez dago fikziozko pertsonaiarik, taula gainean agertzen direnak Ylenia Baglietto eta Lander Otaola dira. Hizkuntzari dagokionez ere, euskara eta gaztelera entzungo dira, euren egunerokoan gertatzen den bezala.
Oholtza gainean egon arren, publikoaren maila berean jarri nahi izan dute aktoreek, ikusentzuleengandik gertu, batik bat maila emozionalean. Otsailean Bilbon estreinatzeko parada izan zuten, itxiera perimetrala zela eta orduan Bilboko biztanleek soilik gozatu ahal izan zuten ikuskizunaz, baina harrera ezin hobea izan zuen lanak eta gertutasun hori estimatu zuen publikoak.
Otsaileko kritika baikorrak lagun, gogotsu daude Euskalduna Jauregian datorren astebururako programatu dituzten emanaldiei ekiteko, bereziak izango dira, oraingoan familia eta lagunak ere bertan izateko parada izango dutelako. Aurrera begira oraindik ez dute beste datarik itxita, izan ere garai konplikatuak izateaz gainera, bi aktoreak bestelako proiektuetan ere ari dira lanean, beraz ez da erraza egun egokiak zehaztea.