Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Ibai Olariaga
Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko zuzendaria

«Jango dituzun perretxikoak soilik hartu, beste denak laga, bere funtzioa betetzen dute basoan»

Aldaketa klimatikoak gizakian duen eraginaz aritzen gara maiz, baina zer gertatzen da, adibidez, onddoekin? Norbait arduratu al da haiekin? Bada, bai. Aranzadi Zientzia elkarteko Ibai Olariaga mikologoarekin izan gara hizketan Gelditu Makinak saioan.

Audio_placeholder

«Jango dituzun perretxikoak soilik hartu, beste denak laga, bere funtzioa betetzen dute basoan»

Loading player...
Onddoak.
Onddoak.

Aranzadiko Mikologia sailean zer egiten duzue zehazki?

Aranzadiko Mikologia sailak 50 urte baino gehiago daramatza lanean ikuspuntu zientifikio batetik onddoak aztertzen eta jakinduria hori gizarteratzen. Osatzen ari garen onddo bilduman 20.000 laginetik gora ditugu eta urtero aurkitzen ditugu penintsulan sekula aurretik topatu ez diren espezieak. Beste alde batetik, hitzaldiak antolatzen ditugu eta, astelehenero-astelehenero, jendea Aranzadira hurbiltzen da bildutako perretxikoekin, eta guk aztertu egiten ditugu.

Biltzen dituzuen perretxiko horiek izango dute adierazgarritasunik. Zein informazio mota eman dezakete perretxikoek? 

Informazio handia eta mota askotakoa. Onddoek beste izaki bizidunek ematen ez duten informazioa ematen digute. Jakin dezakegu adibidez baso bat nola ustiatzen den. Hildako zuhaitzak bertan uzten dira edo kendu egiten dira? Horrek onddo komunitatean badu eragina. Onddoak aztertuta jakingo genuke zein den baso baten kontserbazio egoera. 

Eta ekarpenik egiten al dute ekosistema batean?

Bai noski, ezinbestekoak dira. Onddoa izaki heterotrofoa da eta horrek esan nahi du mantenugaiak edo karbono organikoak beste izaki bizidun batzuetatik lortu behar dituela. Gero onddo bakoitzak estrategia ezberdina du karbono organiko hori lortzeko. Onddo batzuek usteldura sortzen dute, material organikoa deskonposatu egiten dute eta xurgatu. Beste onddo batzuk bizkarroiak dira, izaki bizidunei kendu egiten diete karbonoa. Beste batzuk sinbiosian bizi dira, likenak adibidez...

Onddo makroskopikoak eta mikroskopikoak...

Onddo gehienak oso txikiak dira. Esaten da onddoen %10ek sortzen duela egitura ikusgarri bat. Horrek zer esan nahi du? %90 onddo mikroskopikoak direla, alegia, begi bistaz zailtasunez ikusten direnak. Lupa txiki bat edo mikroskopio bat behar dela onddo hori ikusteko....

Ustea da jangarriak diren perretxikoak gutxitzen ari direla. Hala da?

Hori gure saileko kide askok esaten duten gauza bat da eta, beharbada, egiatik asko du. Baina hori zientifikoki frogatu ahal izateko datuak behar ditugu, objektibotasunez esateko baietz, duela 40 urte perretxiko gehiago zegoela. Baina hor hankamotz gaude, ez dugu epe luzean egindako ikerketa zientifikorik hori baieztatzen duenik. Baina itxuraz, hala da. Jende askok dio hori.

Beste uste bat da klima aldaketak baduela eragina perretxikoengan.

Bai, izango du, noski. Baina aldaketa hori nolakoa den ez dakigu. Gure planeta honetan beti aldatzen da kilma, kontua da orain azkarrago aldatzen ari dela, eta espezie denek ez dute ahalmen bera horri aurre egiteko. Eta hor dago erronka, ez dakigu zer geratuko den espezie batzuekin. Hala ere, onddoek orokorrean oso dispertsio ahalmen handia daukate. Esporak urrutira garraiatzeko gauza dira eta pentsatzekoa da klima aldatu eta lehortu ahala, onddo horiek leku berriak kolonizatuko dituztela.

Gaur egun, ba al dago mikologiari dagokionez kudeaketa espezifikorik?

Nik dakidala ez. Basoak kudeatzen dira baina beste helburu batzuekin. Perretxikoei begira, nik dakidala, ez da ezer berezirik egiten.

Eta nabaritzen duzu alor horretan hutsune edo beharrik?

Ba adibidez, badira aparteko garrantzia duten onddo batzuk: hildako egurra deskonponsatzen duten onddoak. Egia esan, nik uste dut zuhaitz zaharrei ez zaiela ematen daukaten garrantzia. Basoak onddo dibertsitateari begira ustiatuko bagenitu nik ez nuke egur hilik kenduko, baina basoak beste gauza batzuetarako ere kudeatzen dira...

Mikologia zalea denari, zer esan?

Ba gauza asko esango nizkioke. Kontuz ibiltzeko eta oso ondo ezagutzen ez dituen perretxikoak ez jateko. Beste alde batetik, jan behar dituen perretxikoak soilik hartzeko, beste denak mendian lagatzeko, bere funtzioa betetzen dute basoan. Aranzadin arlo zientifikoak interes handia du, baina ikasi nahi duen edozeinek pixkat gehiago jakin nahi badu, hemen ateak irekiak ditu.

Jaurlaritza Logoa