Zuzenean

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

Irati Goikoetxea: «"Baina"-rik gabeko minari buruzko kontakizun bat egin nahi izan dut»

Mina ikusi, ikustarazi eta ukitu nahi izan du Irati Goikoetxeak 'Herriak ez du barkatuko' eleberrian. "Baina"-rik gabeko minaz ari da bertan, min gordinaz, min unibertsalaz. Kultur tartean izan dugu idazle beasaindarra bere azken lana aurkezten.

Audio_placeholder

Irati Goikoetxea: «"Baina"-rik gabeko minari buruzko kontakizun bat egin nahi izan dut»

Loading player...
Liburuaren azala
Liburuaren azala

«Minari erreparatuz erreparatzen da mina» irakur dezakegu 'Herriak ez du barkatuko' eleberria esku artean hartu lehen lerroei erreparatzean. Eta horixe da Irati Goikoetxearen azken lanaren funtsa, mina ikustea, ikustaraztea, ukitzea,  sentitzea...aitzakiarik gabeko mina, baldintzarik gabekoa, unibertsala.

Igartza bekari esker idatzitako eleberriak Oihanaren pertsonaia du ardatz, gazte zela ETAk aita hil ziona. 22 urte beranduago, isiltasunak, esan gabekoak eta entzun gabekoak bere baitan sortu dituzten zulo eta korapiloei hitza jartzen hasiko da protagonista. Alde batetik, bost urteko alabaren galdera saihestezinak tarteko eta bestetik biktima desberdinen bizipen eta testigantzak jaso nahi dituen antropologo baten deia dela eta.

Hirugarren pertsonan idatzi du lana Goikoetxeak, baina hala eta guztiz ere gertukoa da oso kontakizuna, idazlearen hitzetan «Nire helburua ez zen irakurlea Oihanaren larruan sartzea, bere lekuan jartzea, helburua irakurlea ere Oihana izatea zen».  Izan ere, Irati Goikoetxearen ustez, nekez erreparatuko baita min hori, gure baitan ezagutzen ez badugu, sentitzen ez badugu.

Istorioa gordina da, apaingarri eta leungarri gutxikoa. Samur eror zitekeen idazlea dramatismoan halako kontakizun bat egitean, baina bide hori hartu beharrean edertasunean oinarritutako istorio bat egin nahi izan du.  Edertasunetik  egindako proposamen eraikitzaile bat, erreparorik gabe minari erreparatuz , hau erreparatzeko bide argitsu bat marraztuz.

Jaurlaritza Logoa