Zuzenean

Naiz Irratia

Julen Orbea (Irati Gurasoekin Etxera): «Egun oso gogorrak izaten ari dira familiarentzat»

Espainiar legediari jarraiki, gaur bananduko dute Irati txikia amarengandik, 3 urte betetzen dituelako. Julen Orbea 'Irati Gurasoekin Etxera' plataformako kideak Informazioaren Harian azaldu duenez, «ordu bateko agurraren ostean», Bilborako bidea hartu beharko du txikiak, aiton-amonekin batera.

Audio_placeholder

Julen Orbea (Irati Gurasoekin Etxera): «Egun oso gogorrak izaten ari dira familiarentzat»

Loading player...
'Irati Gurasoekin Etxera' plataformak Bilbon antolatutako ekitaldi baten irudia. (Aritz LOIOLA /FOKU)
'Irati Gurasoekin Etxera' plataformak Bilbon antolatutako ekitaldi baten irudia. (Aritz LOIOLA /FOKU)

Martxoaren 8a gorriz markatuta geldituko da Etxeberria-Zapiraindarren egutegian. Martxoaren 8 honetan euren txikiak, Iratik, 3 urte betetzen ditu, eta ospakizun pozgarri bezain tristea dute gaurkoa, 3 urte betetzeak kasu honetan esan nahi duelako gurasoengandik banandu egin beharko dutela.

Legedi honek dio haurrek bere gurasoekin egoteko eskubidea dutela 3 urte betetzen dituzten arte; baina hortik aurrera, espetxetik irten eta halamoduz moldatu behar dira, kasurik gehienetan haurrak aiton-amonekin edo senide edo lagun batekin bizitzera joaten direlarik. Horixe da Iratiren egoera. Aranjuezen dagoen espetxetik atera beharko du, Bilbora joateko.

Julen Orbea 'Irati Gurasoekin Etxera' plataformako kideak azaldu duenez, gaur izan du Iratik «aspaldiko partez» aita eta amarekin egoteko aukera, hilabeteak baitira hiruak elkarrekin ez zeudela, nahiz eta espetxe berean izan. Kanpoan dauden gertukoak, babesa adierazten ahalegintzen dira, baina Orbeak dio, ezer gutxi egin dezaketela familiaren mina arintzeko, «egoerarik txarrenean izan dira familian. Egun hauek oso gogorrak izaten ari dira».

Salbuespenezko legedi honen baitan gainera, Irati gurasoengandik banandu ez ezik, aldenduko dute ere bai. Izan ere, aita eta ama Aranjuezeko espetxera eraman zituzten, Irati bertan jaio zedin, bi gurasoak gertu zituela.  Baina orain, eta berriz ere legearen aitzakiapean biak Jaengo espetxera eramatea aurreikusten da. Oraingoz, aurreikusitakoa mantentzen da, «legearekin hain zorrotz jokatzen dutenez, oraindik ere Jaen izaten jarrraitzen du izaten gurasoen hurrengo espetxea» adierazi du Orbeak.

Plataformak denbora asko eman du esaten badagoela konponbide bat egoera bidegabe honentzako: Zaballako espetxean familientzako modulu bat eratzea. Oraingoz ez da horrelakorik lortu, eta ez dirudi berehalakoan lortuko denik, «oraingoz aukera hori ez da aipatu ere egin» gaitzetsi du Orbeak. Baina aukera horren inguruan «baikor» direla dio, bereziki espetxeen eskumena Lakuaren esku gelditzen baldin bada.

Hala ere, etorkizunari begira, bestelako neurriak hartu behar direla uste dute plataforman «zaintzapeko etxebizitzak» kasu, izan ere espetxea ez da haurrentzako tokia Julen Orbearen esanetan, «XXI mendean, familia moduluez harago doan espetxe politika behar dugu».

 

 

Jaurlaritza Logoa