Zuzenean
Kantuek zinemagintzan eta telesailen munduan garrantzia handia izan dute beti, baina nerabeen telesailetan halako momentu berezi bat egon zen 90. hamarkadaren bukaeran eta mende berriaren hasieran. Horri tiraka Izkander Fernándezek hainbat kantu ekarri dizkigu, izan ere urte horietan kantu asko eta onak entzuten ziren telesailetan. Egun ere bai, jakina, baina orain Go!azen telesailarekin hemen gertatzen dena, orduan modu globalean gertatzen zen.
Izkanderrek gogorarazi digu telesailak ekoizten zituzten etxean eta diskoetxe handiak elkar hartuta zeudela: «Sony eta Warner ziren ekoiztetxe nagusienak eta diskoak garai hartan barra-barra saltzen ziren. Hartara, momentua aprobetxatu zuten beren katalogo osoa telesailetan txertatzeko eta haiekin gero bildumak kaleratzen zituzten».
Egun beste modu batetara funtzionatzen du guztiak, streamingaren aroan bizi gara, baina Go!azen telesailak, garai hartako telesailen moduan, denboraldi bakoitzeko diskoa kaleratzen du eta sekulako arrakasta du. Belaunaldien arteko lotura egiteko gaitasuna izan du musikaren bitartez eta hori ere eskertzekoa da. Hauxe da aste honetarako Izkander Fernándezek egin digun kantu zerrenda:
– The Monkees - Daydream Believer (Dawson's Creek)
– Jeff Buckley - Hallelujah (The O.C.)
– Band of Horses - The funeral (One Tree Hill)
– Beti Mugan - Bakarrik nago (Go!azen)