Zuzenean

«Aitortza bat da 'Aurrera egin badugu' dokumentala»

Martxoaren 5ean ikusiko du argia alardean parte hartzen duen Jaizkibel konpainiaren 'Aurrera egin badugu' dokumentalak. Horren atarian, Naiz Irratian izan dira Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta dokumentaleko partaideak.

Audio_placeholder

«Aitortza bat da 'Aurrera egin badugu' dokumentala»

Loading player...
Aurrera egin badugu
Aurrera egin badugu

Argia ikusteko gero eta gutxiago falta denean, Informazioaren Hariaren lehen ediziora gonbidatu ditugu 'Aurrera egin badugu' dokumentaleko bi partaide, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta.

Gogoratu dute duela 25 urte inguru egin zutela Hondarribiko eta Irungo emakumeek lehen saiakera bertako jaietan hain ezagunak diren alardeetan parte hartzeko. Noski, gauza jakina da hasieratik jaso zuten erantzuna kontrakoa izan zela eta handik abiatuta sortu zen Jaizkibel konpainia. Urteak igaro ahala, aurrerapausoak ematen joan dira Etxebarrietak azaldu duenez. Izan dira salbuespenak, ordea. 2018koan atzerapausoak egon zirela sentitzen du, baina 2019koaren inguruan, berriz, oso oroitzapen positiboak dituela onartu du. «Lehenengo aldiz geure musika banda entzuten genuen eta ez kale ertzekoen txistuak eta isekak».

Jaizkibel konpainiako ordezkarien hitzetan, dokumentala ez da elkarrizketekin osatutako klip bat, solasaldi batzuen zatiekin osatutakoa baizik. Bertako protagonistak Garbiñe Biurrun, Kattalin Miner eta Itziar Ituño dira. Etxebarrietak azaldu du hirurak ere erreferenteak direla eta Jaizkibel konpainiaren printzipioekin bat egiten dutela. Dokumentalak martxoaren 5ean ikusiko du argia, eta Etxebarrietak aurreratu du apiril aldera sarean jarriko dutela guztiontzako eskuragarri.

«Tresna bezala erabiltzea gustatuko litzaiguke. Solasaldi horrek eman dezala beste solasaldi eta hausnarketa gunerako bide», gehitu du Etxebarrietak. Izan ere, hori da helburua, Jaizkibelen eta beste festa parekideen alde lanean ari diren pertsonen, mugimendu feministaren urratsek besteei ere nola balio dieten. Dokumentalaren haria, honela, «ibilian gaudela da, aurrera goazela», azaldu du Altunak. «Hori horrela da elkarturik gaudelako eta elkar aitortza hori egiteko egin genuen», gehitu du.

Jaizkibel, barrukoek eta kanpokoek

Irunen eta Hondarribian herriko jaietako ekitaldi nagusia alardea da eta duela 25 urte inguru emakume talde bat hasi zen berdintasuna eskatzen, «parte-hartze eskubidea ukatu zitzaien», azpimarratu du Altunak. Hainbat urteren ostean, Hondarribian konpainia parekide bat sortzea erabaki zen, aldarrikapena konpainia horren bitartez egiteko.

«Urte asko pasa dira. Jende guztiak ikusi ditu irudiak, irailaren 8a iristean gertatzen dena, nolako errestitentzia dagoen hain gauza simplea ematen duen horren aurrean», adierazi du Altunak. Horri aurre egiteko bildutako indar guztiak eskertu ditu. «Jaizkibel konpainia bai barrukoek bai kanpoan txalotzen eta babesa ematen daudenek osatzen dute. Ni hasieran hor kanpoan negoen, baina aspalditik barruan. Norberaren biografiaren parte inportante bat bihurtzen da», hausnartu du.

Eta 2019ko oroitzapen on horiek horri esker direla nabarmendu du Etxebarrietak. «Beste giro bat dago Hondarribian. Jaizkibeletik kanpo beste jende bat ere esaten ari da nahikoa dela, konponbidea behar dela. Urte guzti hauetako lanari esker da hori, mugimendu feministak egindako lanari esker. Oso harro eta eskertuta nago proiektu honen parte izateagatik».

Elkar aitortza eta babes horrek bultzatu ditu dokumentalgileak. «Filmaren izenburuan esaten dugun bezala, aurrera egin badugu, horri esker egin dugu. Horri esker jarraitzen dugu gure musika jotzen eta gure pausoa ematen. Gure erreferente diren beste horiek ere laguntzea eta haiek guri pausoa ematen jarraitzea da helburua».

Jaurlaritza Logoa