Zuzenean

«Jakiteke dago zein abantaila ekarriko dizkion gizarteari». Era horretan mintzatu da Informazioaren Harian Asier Garaialde, Izarkom kooperatibako kidea. Adierazi du gizarteak telefonia sareak erabiltzerako orduan «nekez» antzemango duela aldaketarik 4G edo 5G-aren artean. «5G teknologiak telekomunikazioen munduan ekar dezake onura, herritarren artean, ordea, gutxi».
Garaialdek gaineratu du ez dela leku guztietara iritsiko. Azaldu du uneotan egiten ari diren esleipen kontratuetan 20.000 edo 50.000 biztanle izan behar dituztela gutxienez eremuek, eta hortik beherakoetan edo «zerbitzurik ez dela emango» edo «ez agindutako abiaduran». Era berean, azpimarragarria dela adierazi du 5G-aren inguruan hitz egiten egotea «hogeita batgarren mendean oraindik leku batzuetara internet zerbitzu duinik iristen ez denean».
5G-ak sortu dezakeen beste arrisku gehigarri bat energia kontsumoa areagotzearena da Garaialderen ustez. Adierazi du Izarkom-etik ez direla sartzen «5G-aren uhinak osasunarentzat kaltegarriak direnaren edo ez direnaren eremuan», bere esanetan oraindik hori zientifikoki baieztatu gabe dagoelako. Nabarmendu du, ordea, «energiaren kontsumoan igoera ikaragarria ekar dezakeela» eta «krisi energetikoa areagotu dezakeela».


