Naiz Irratia

Gorka Arana [Mars 2020 misioko partaidea] «Irudi oso ikusgarriak jasoko ditugu Martetik»

'Perseverance' ibilgailua Martera iritsi da eta berehala hasi da bertako datuak Lurrera bidaltzen. Neurketa horiek ongi kalibratuak egotearen ardura EHUko IBeA zientzilari taldearena da. Gorka Arana 'Mars 2020' misioko kidea izan da Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Gorka Arana [Mars 2020 misioko partaidea] «Irudi oso ikusgarriak jasoko ditugu Martetik»

Loading player...
EHUko ikerlariak Perseveranceren iritsiera ospatzen
EHUko ikerlariak Perseverance robotaren iritsiera ospatzen [ARG EHU]

Zuzenean jaso genituen atzo irudiak Marte planetatik Euskal Herrian ia gaueko hamarrak zirela. 'Mars 2020' misio espazialean bi euskal zientzilari taldek hartu dute parte: Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien taldea eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko IBeA ikerketa taldea. Azken honetako kide da Gorka Arana eta Naiz Irratian izan da misioa bete eta biharramunean.

Atzokoa emozio handiko momentuak izan zirela aitortu digu Gorka Arana zientzialariak, euforia handirik ordea ez da antzeman bere hitzetan, atzo gertatu baitzen urte luzeetan landu eta kalkulatutakoa: «Dena ondo aterako zela pentsatzen genuen, baina gertatu arte batek ez du konfiantza osoa.  Dena ondo joan zen eta pozik geratu ginen», esan du Naiz Irratiko Informazioaren Harian.

IBeA taldearen funtzioa oinarrizkoa izan da 'Mars 2020' misioan. Supercam instrumentuaren kontrola kalibratzeko txartela garatzea izan baita haien eginkizuna. Alegia, ziurtatzea Marteko geruzan «egiten diren neurketak ongi kalibratuak daudela». Ezinbesteko lana beraz, antzua baita datuak jasotzea baldin eta neurketa horiek ongi kalibratuak ez dauden.

IBeAren kasuan lehendabiziko aldia da NASArentzako lana egiten dutena. «Oso esperientzia garrantzitsua da guretzako, hemendik aurrera are gehiago ikasiko dugu» dio Aranak ,«exigentzia maila oso altua da» gehitu du. Hemendik aurrerako prozesua oso luzea izango dela azaldu du, eta datu asko jasoko dituztela. Kontutan hartu behar da, ofizialki misioa Marteko urte batekoa dela (2 urte t'erdi lurtar), baina beste misio batzuekin gertatu bezala, hau ere luzatu egingo dela dio Aranak.

'Perseverance' robotak Marteko geologia aztertuko du: «Saiatuko gara ulertzen zer gertatu den azkeneko milioi urteetan Marten. Hasiera batean Lurra eta Marte sortu zirenean ez baitziren oso ezberdinak, baina gero, Martek atomosfera galdu zuen, eta ondorioz, bizitza biologokoa» azaldu digu Aranak. 

Irrati bidez bidaliko zaizkio aginduak 'Perseverance' robotari. «Gauez bidaliko dizkiogu aginduak irrati bidez, satelite artifizialek agindua errepikatu eta robotari iritsiko zaizkio. Berdin izango da bueltako bidea», makina iritsi berri jaso zen lehen irudia, eta hala izango da hemendik aurrera ere. Planeta gorrian bildutako emaitzak ez dira denbora errealean iritsiko, baina informazio- trukea etengabea izango da, «jaso eta bidali arituko gara egunero».

Atzokoa salbuespena izan zela argi utzi digu Aranak, zuzeneko irudiak zabaldu baitziren mundu osora. Hemendik aurrera, ordea, ez da hala izango: «Hemendik aurrera, iristen den informazioa NASAk aztertuko du lehendabizi, eta gero, beraiek erabakiko dute zein irudi zabaldu. Baina oso irudi ikusgarriak izango dira seguru» ziurtatu du Aranak.