Zuzenean
Bikote mixtoen Espainiako Curling Txapelketa irabazi dute pasa den asteburuan Mikel Unanue eta Oihane Otaegi Basque Teameko kirolariek. Finalean, Irantzu Garcia eta Gontzal Basque Teameko beste bekadunak garaituta lortu zuten txapelketa irabaztea. Garaipenak gainera, Jokoetarako puntuagarria den Munduko txapelketan lehiatzeko aukera ematen die. NAIZ irratian izan ditugu Unanue eta Otaegi, eta «oso pozik» agertu dira lortutakoarekin.
Otaegik azaldu duenez, hirugarren urtea jarraian da titulua eskuratzen dutena, «hiruetan partidarik galdu gabe», nabarmendu du. Hala ere, hobetzeko gauzak badaudela aitortu du, «emaitza aldetik oso pozik, baina gure buruarekin ere kritiko gara», gaineratu du Unanuek.
Esan bezala, Espainiako Txapelketa irabazi izanak Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera ematen dio Basque Teameko bikoteari, Jokoetarako puntuagarriak direnak. Dena den, Munduko Txapelketaren aurretik, beste hainbat txapelketa badirela azaldu du Otaegik. «Helburua txapelketa guztietan titulua eskuratzea da, azken urteetan lortu dugun moduan», azaldu du. Azkenik, lortutako garaipena ospatzeko denbora askorik gabe, segituan «gogor lanera bueltan» izango direla baieztatu du Unanuek.