Laura Penagos: «Ni euskalduna naiz»

Otsailaren 12an estreinatuko da Oñatin Artedramaren azken lana: 'Atzerrian lurra garratz'. Laura Penagos aktorea eta Amancay Gaztañaga zuzendaria izan ditugu kultur tartean.

Audio_placeholder

Laura Penagos: «Ni euskalduna naiz»

Loading player...
'Atzerrian lurra garratz'
'Atzerrian lurra garratz'

Dolua da abiapuntua  sorterriaz, atzerriaz, aberriaz, harreman sareez edota nortasunaz hausnartzeko. Aurora Morak (Laura Penagos) ahizparen deia jasoko du gauaren erdian, ama hil zaiola iragarriz. Amaren heriotzak barrenak astindu eta galderak piztuaraziko dizkio Aurorari, eta horixe da azken batean ikusleengan ere lortu nahi dutena lan honekin, galderak, zalantzak piztea.

Duela 11 urte etorri zen Kolonbiatik Euskal Herrira Laura Penagos aktorea. Milaka egun beranduago oraindik sarritan galde egiten diote ea nongoa den. Garbi du erantzuna Penagosek:«Ni euskalduna naiz, hamarkada bat baino gehiago daramat hemen, euskaraz hitz egiten dut, baditut nire harreman sareak hemen...noiz arte izango naiz migrante?». Noiz arte da bat migrante, noiz hasten da bat euskaldun izaten, zer da bata, zer da bestea...Amancay Gaztañaga zuzendaria ere bat dator aktorearen aldarrkapenarekin.

Lauraren bizipenek gidoia marrazten lagundu dute, baina ez da obra autobiografiko bat. Geruza asko elkar-josita dituen obra da Gaztañagaren esanetan, azaleko gai nagusien azpian gure egunerokoan ukitzen gaituzten azpigai ugari jasotzen dituelako.

Talde lan trinko eta aberats baten emaitza da 'Atzerrian lurra garratz' aktore eta zuzendariaren esanetan. Orain arteko bideaz, asko gozatu dute, eta otsailaren 12tik aurrera gozamen hori partekatzeko garaia iritsi da. Oñatin izango da estreinaldia. Oholtza gainean Laura Penagos ikusiko dugu Aurora Morararen larruan,  Ander Lipus aktorea izango du lagun. Lipusek berriz zazpi pertsonaia ezberdin gorpuztuko ditu.