Zuzenean
Nobela beltza irakurtzen duenak badaki, genero horrek baduela zerbait harrapatzen zaituena, zenbat kostatzen den beste irakurketa batzuetara salto egitea. Halako zerbait gertatu zaio Miren Gorrotxategiri sortzaile gisan ere. '33 ezkil' bere lehen eleberrian beltzetik jo zuen, eta ahaleginak egin baditu ere bere sormen lanetan beste genero batzuetatik jotzeko, beltzetik etorri zaio 'Sotoan gordeak' bigarren eleberria ere.
Vianako mahastietara garamatza lan berrian idazle azpeitiarrak, liburuaren azal koloreak iragartzen digun moduan, ardoa eta odola uztartzen dituen eleberrian. Nora eta Alexek osatutako bikotea da kontakizunaren ardatza. Norak "sotoan gordeak" nahi lituzkeen familiako sekretuak argia ikusiko dute pixkanaka Alex bikotearen jakin-minak bultzatuta. Hiru hamarkadetan zehar saltoka garamatza Gorrotxategik Noraren iraganeko sekretuak eta egungo ezinegonak korapilatuz.
Lehenengo eleberriarekin eskuratutako arrakastak itzan luzea izan du Miren Gorrotxategiren baitan, bigarren lan hau hasi, egin eta borobiltzerako garaian. 33 ezkilek kritika eta irakurleen onespen zabala jaso zuen, eta hori gutxi ez eta, pantaila handira ere eman du Imanol Rayo zuzendariak 'Hil kanpaiak' filmean. Alde horretatik, proiektuarekin aurrera jarraitzeko bultzada ederra izan den iaz irabazitako (H)ilbeltza beka. Behin beka jasota, data zehatz baterako lana amaituta izan beharrak lagundu dio Miren Gorrotxategiri intriga eta misterioz beteriko istorio hau ixten.