Zuzenean
Bigarren aldiak inoiz onak izan ohi ez direla diotenen usteak zapuztu asmoz, ohotzaz oholtza dabiltza berriz ere Ane Labaka eta Beatriz Egizabal. 'Erradikalak gara' arrakastatsuaren jarraipen naturala da 'Erradikalak ginen': emakumeok gure hezur haragitan egunerokoan bizi ditugunen kontaketa feminista baino, feminismotik egindako kontakizuna.
Aurreko lanaren formula errepikatuz, Ane Labakaren bertso jarrien eta Beatriz Egizabalen bakarrizketen arteko elkarrizketa da 'Erradikalak ginen'. Lehen obrarekin batetik bestera zebiltzala sortutako galdera, zalantza eta hausnarketa berriei leku egiten diena. Ez zen erraza izan ondo baino hobeto funtzionatzen zuen lan bati amaiera ematea, baina orain argi dute bi sortzaileek "gara"-ren zikloa itxi eta "ginen"-erako jauzia ematea beharrezkoa zela. Izan ere, ondo pasarazteaz batera, publikoaren baitan zer pentsa eragitea ere bada bikote honen helburua, eta horretan asmatzeko gaurkotasuneko gaiak, egunero ahoz aho dabiltzanak ikuskizunean jasotzea beharrezkoa da.
Hitz eta pentsaera jasoetatik aldenduz, gertuko adibideetatik, edonori bere egunerokaon gertatzen zaizkion xehetasun txikietan bizi dugun eredu patriarkalaren adibideak azaltzen dituzte Ane Labakak Eta Beatriz Egizabalek. Edonork ulertu eta sentitzeko moduan, emozioetan oinarritutako bidaia bat baita azken batean proposatzen dutena.