Josu Okiñena: «Aita Donostiaren lana merezi duen lekuan jarri nahi dugu»

Josu Okiñenak eta Gillen Munguiak Aita Donostiaren ia 40 obra berreskuratu dituzte, horietatik 25 argitaratu gabeak. Diskoaren  zuzeneko aurkezpena ostegun honetan izango da Donostiako Victoria Eugenia  Antzokian.

Audio_placeholder

Josu Okiñena: «Aita Donostiaren lana merezi duen lekuan jarri nahi dugu»

Loading player...
Josu Okiñena
Josu Okiñena

Hiru urte eskuz esku artxiboko argitalpen zaharren artean arakatzen, hiru urte eskuz esku ahaztutako eskuizkribuen artean galdutako altxorrak berreskuratzen. Hiru urtez aritu dira elkarlanean Josu Okiñena piano-jotzailea eta Gillen Munguia tenorea itzalean ziren Aita Donostiaren obrak argitara ekartzen. Emaitza, ia berrogei Gabon- konposizioz osaturiko diskoa da eta ostegun honetan zuzenean entzuteko parada izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Artxiboetatik diskora eta zuzenekotarako bide horren errelatoa egin digu Josu Okiñenak Kultur tartean. Ikerketa lana eta ondorengo ekoizpen lana, sorpresaz betetako ibilbidea izan da piano-jotzaile eta ikertzailearen esanetan, Aita Donostiaren obraren zenbatekoa eta kalitate maila ez baita sinestekoa. Gutxi, ezer gutxi dakigu Okiñenaren iritziz Aita Donostairi buruz, eta honek folklorista gisa egindako ekarpenari buruz.

Diskoan jasotako lanak, Aita Donostiak batetik eta bestetik jasotako herri-folklorearen erakusgarri dira: gehienak Baztan aldekoak, baina penintsulako beste hainbat lekutatik jasotakoak ere badira. Ulergaitza dirudi, maila honetako lanak ezkutuan egon izana baina Josu Okiñenak azaldu digunez, garaiko testuinguru politikoak, eta orduko argitaletxeen joerak izan du beharbada horretan eragina. Iritsi da ordea, Aita Donostiari merezitako errekonozimentua egiteko garaia: «Bere lana merezi duen lekuan jarri nahi dugu, nazioarteko goi-mailako konposatzaileen alboan» aldarrikatzen du piano-jotzaile eta ikertzaileak.

Proiektuan Gillen Munguia tenorea izan du lagun Okiñenak, luxuzko bidelaguna. Nazioarteko zirkuituan izen handia lortu duen tenoreak izugarrizko lana egin du disko honetan, izan ere pieza laburrak dira, eta minutu gutxitan bere ahotsari distira ateratzea lortzen du tenore donostiarrak.

Diskoak badu beste bitxikeria bat: azala. Antonio Oteiza artista kaputxinoaren lan bat ikus dezakegu bertan. Oteizak Aita Donostia ezagutu zuen, eta proiektu honen berri izatean pozarren eskaini zuen bere obra diskoaren azala janzteko.

Zuzeneko aurkezpenak ere izango dira. Lehena ostegun honetan, urtarrilak 21 Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango da Batura zikloaren baitan. Bigarrena berriz, Zumarragan izango da urtarrilaren 24an Zelai Arizti Aretoan.