Zuzenean

'Kotondarrak' gertutik

Anita Maravillas konpainiaren azken txotxongilo antzezlana, 'Kotondarrak' ezagutu dugu Miren Larrea taldekidearen eskutik.

Audio_placeholder

'Kotondarrak' gertutik

Loading player...
Kotondarrak
Kotondarrak

Ama bat, bia alaba, familia bat. Mila arrisku atzean, izerdi, neke eta eta gehiegikeriaz gainezka datorren egunerokoa aurrean. Eta guzti horren baitan, barre txikiak eta handiak, laztanak eta haserreak, beldurrak eta borrokarako grinak. Kotondarren istorioa ezagutu dugu kultur tartean Miren Larrea, Anita Maravillas konpainiako kidearen laguntzaz.

Industria iraultzaren garaietara garamatza kotondarren historiak, emakumeen langile borroketara, eta  ama alabez osatutako familia xume baten begiradatik garai hura sumatu eta sentitzeko parada ematen du ikuskizunak.

Mimoz zaindutako estetika konpainiaren zigilu da dagoeneko, eta lan honetan ere emaitza ederra da zinez. Garai ilun eta malenkoniatsu haietara garamatza eszenografiak, eta txotxongiloen begiko distirak, batzuetan beldurti besteetan bihurriak,  ikusleen bihotza zeharkatzen dute. Panpinak, Valentina Raposo, Miren Larrearen taldekideak berak egin dituen harribitxiak dira. Biolin hotsen konpasean egiten dute kotondarrek sorterriko arriskuak atzean utzi eta aukera berrien bila egingo duten bidaia. Fran Lasuenen eskutik dator musika, eta hitzak apenas lekurik duen kontakizun honi sekulako indarra  eta erritmoa ematen dio.

Hitzetan baino. emozioetan indar gehiago jarri dute lan honetan Miren Larreak azaldu digunez. Emozioek ez baitute adinik, edonork sentitu, bizi eta uler ditzake. Modu honetan lan eginda, itxura batera haurrentzat gai konplexua izan daitekeena, gertukoa izan dadin lortzen dute. Eta ulergarria, neurri batean. Horretan, egun haurrek dena ulertu eta barneratu behar duten  joera hori ez duela atsegin esan digu aktore zornotzarra. Ikuskizunak, kulturak oro har ez duela zertan entretenimendu hutsean geratu. Pentsarazteko, zalantzak pizteko, barruk astindu eta izpiritu kritikoa lantzeko ere balio behar dute. Eta horretarako aukera haurtzarotik eskainita hainbat hobe.

Jaurlaritza Logoa