Zuzenean

Maite Bidarte

‘Gelditu Makinak’ krisi ekosozialari buruzko saioa NAIZ Irratian

Urtarrilaren 11an abiatuko da krisi ekosoziala ardatz izango duen ‘Gelditu Makinak’ saioa. Eli Pagolak aurkeztuta, guztira 32 saio izango dira eta bizi dugun krisia ikuspuntu ezberdinetatik aztertzea izango du helburu.

Audio_placeholder

‘Gelditu Makinak’ krisi ekosozialari buruzko saioa NAIZ Irratian

Loading player...
Gelditu Makinak
Gelditu Makinak

Pandemia honek gure zaurgarritasuna jarri du bistan, eta argi erakutsi du gure bizitza estiloa aldatzeko premia handia dela. Pandemia baino askoz lehenago bizi dugun krisi ekosozialak ere hala eskatzen du aspalditik: Gelditu Makinak! Bizi dugun arazo larri eta globalari ezin zaio bizkarra eman. Horregatik abiatuko da Naiz Irratian 'Gelditu Makinak' saioa Eli Pagolaren gidaritzapean,  urtarrilaren 11tik aurrera, astelehenero arratsaldeko 19:00etan. Noski, saio denak entzungai izango dira podcast plataformetan. 

Aldaketa Klimatikoa hitzak oso presente daude gure egunerokoan. Baina, ‘Gelditu Makinak’ saioan, 'krisi ekosoziala' eta 'krisi sozioekologikoa' kontzeptuen aldeko apostua egiten da  eta hainbat adituk emandako gomendioa izan da hori. «Ez da azken hamarkadetan gertatzen ari dena klima aldatzea soilik, baizik eta inguruko ekosistemak eta ingurugiroa orokorrean ari da aldatzen eta izaten ari da eraldatua» azaldu du Eli Pagolak Naiz Irratian. Horregatik 'Gelditu Makinak' saioan  begirada zabaldu nahi izan dute eta panorama bere osotasunean ulertu.

Egoeraren argazki orokor bat egitea da ‘Gelditu Makinak’ saioaren intentzioa, eta arazoaren aurpegi ezberdinak azaltzeaz gain, alternatiba berriak mahai gainean jarri.  Saio bakoitzean irakurketa akademikoak bere lekua izango du, eta hori izango da zatirik dibulgatzaileena: soziopolitika ikuspegitik, biologiatik, klimatologiatik, ekonomiatik, hirigintzatik....«dena dago lotuta» dio Pagolak. Bestetik, herritarrek martxan jarritako alternatiben berri ere emango dute saioan, horretan arituko dira Maialen Kortabarria, Ignazio Arakistain eta Amaia Elizaran. Pentsa, musikak, zineak eta literaturak ere izango dute tartea saio honetan, bizi dugun krisi honek dena zeharkatzen baitu.

32 saioetan parte hartu duten aditu eta arituen inguruan galdetuta, Pagolak nabarmendu du oso dibulgatzaile onak ditugula gure inguruan, kontzientziatuak eta jakintza horiek transmititzeko prest «eta hori,  eskertzekoa behintzat bada» dio Pagolak.

Saioaren izenari buruz galdetuta, Pagolak dio baietz, beharrezkoa dela egun martxan ditugun makina batzuk gelditzea, eta beste batzuk piztea, «gu geu gara piztu beharko ginatekeenak». Arazoa larria eta globala da,  eta  zaila da aurrera begiratu eta esperantza edukitzea. Erreza da pesimismoan erotzea,  beraz, eta behar bada hori saihestea da zailena: «Pentsatzen dugu erronka izango dela hori. Sekulakoa egia esan. Ez da erreza benetan larria den arazo baten inguruan solastea kutsu apokaliptikorik gabe» dio Pagolak, eta elkarrizketatu baten erranak ekarri ditu NAIZ Irratira: «Ez da pesimista izatea. Baizik eta gertatzen ari denaz jakitun izatea da gakoa. Gero informazio guzti horren aurrean zuk zer jarrera hartzen duzun beste kontu bat da».

 

Jaurlaritza Logoa