Zuzenean
Iraileko etenaldia eta gero, ‘Beste Bat’ saioak bueltan izango dira Naiz Irratiko bazkalosteetan. Urriko uzta osatuko dute Sega Sound Killers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Litle Martin Selektah eta Nhil taldeek. Iazko denboraldiko ordutegiak mantenduko dira, astelehenetik ostegunera, arratsaldeko hiruretatik lauretara.
Iñaki Altolagirre Matxet nekaezina dela argi dago, bere ibilbidea errepasatzea besterik ez da behar: Naizroxa, Jousilouli, Anai Arrebak eta berriki, Sega Sound Killers taldea sortu du EKTZ, Eneko L eta Lusar-ekin batera. Rocka, metala, disco musika, eta, batez ere, elektronika industriala topa daitezke beraien lehen eta lan bakarrean. Pasaiarrak astelehenetan arituko dira 'Beste Bat' saioa egiten, eta lehendabizikoan doinu elektronikoak izango dira nagusi.
Musika Bulegoak antolatutako sarietan Etxepareren musika saria jaso du 'Aitzsatr' diskoagatik 'Niña Coyote eta Chico Tornado' bikote donostiarrak. Eszenatoki gainean puztu egiten dira, bateria eta gitarra soilarekin gai dira publiko osoa saltoka paratzeko. Astearteetan beraiek osatuko dute fonoteka, erritmo biziko kantuak adituko ditugu.
Tolosarra da Litle Martin Selektah, proiektu askotan ibilitakoa, Bonberenea Gaztetxearen inguruan maiz. Reggae, Dancehall, Rap, Jungle doinuak uztartzen dituen Ziribulio Kolektiboko kide ere bada. Litle Martin Selektaren txanda izango dira asteazkenak.
Ostegunetan 'Nihil' bandaren txanda izanen da. Berriki aurkeztu dute 'Aztarnak' lana, beraien lehendabizikoa. Swing, soul edota R&B doinuak jorratzen ditu 'Nhil' taldeak. Beñat Arrieta eta Asel Errasti elkartu ziren hasiera batean eta doinu horiek lantzeko gogoz hasi ziren eta pixkanaka jendea batu zuten beren proiektura. Aretxabaletan entseatzen duten arren, Arrasate, Eskoriatza eta Aramaioko taldekideak ere batzen ditu 'Nhil' taldeak.