Zuzenean

Ion T. BARRENA

ELA erresidentziak: «Baliabideak baleude kutsatu diren denak ez ziren kutsatuko eta hil diren denak ez ziren hilko»

Grebara deitu dute Gipuzkoako erresidentzietan urriaren 6rako. Martxoan geratutako lanuzte dinamikaren abiatzea dakar. Egoera konpontzetik urrun, «okerrera» egin duela dio Txomin Lasa ELAko arlo soziosanitarioko arduradunak. Koronabirusaren ondorioen kudeaketan ondorio zuzena izan du sektoreak bizi duen egoerak eta behar diren neurriak hartu balira zaharren egoitzetan gaitzaren ondorioak ez lirateke izan diren bezain larriak izango, bere esanetan.

Audio_placeholder

ELA erresidentziak: «Baliabideak baleude kutsatu diren denak ez ziren kutsatuko eta hil diren denak ez ziren hilko»

Loading player...
Erresidentzietako langileen protesta,pasa den maiatzean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Erresidentzietako langileen protesta,pasa den maiatzean. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Gogorra da esatea baina errealitatea gertutik ezagutzen dugunok argi esan dezakegu sei hilabete hauetan hil diren edo kutsatu diren pertsona asko benetako protokolo eta materialak izango balira ez zirela ez kutsatuko eta ezta hilko ere». Txomin Lasa, ELAko arlo soziosanitarioko arduradunak erresidentzietako egoera «oso larria» dela dio eta urriaren 6rako greba egoerak hobera baino okerrera egin duelako deitu dutela adierazi du.

Martxoan eten zuen ELAk berrehundik gora lanuzte egun zeramatzan mobilizazio dinamika, koronabirusaren agerraldiaren ondorioz. Sektoreak orduan bizi zuen egoerak okerrera egin du orain Lasaren esanetan, «orduan lan baldintzak oso kaskarrak ziren, sei hilabete ondoren lan baldintzak okerragoak dira». Egoera bideratzeko saiakerarik ez egitea egotzi die Foru Aldundiari eta egoitzak kudeatzen dituzten enpresei, «aukera eman diegu gauzak ondo egin ditzaten, baina ez dute ezer egin eta guk ez dugu onartuko jendarteak pentsatzea gatazkarik ez dagoelako egoera hobetu egin dela. Ez, tamalez gatazka gabe jendea ez da konturatzen zer larria den egoera».

Pandemiak dakartzan beharrei erantzuteko baliabide gehiago behar arren, halakorik ez dela izan salatu du eta hainbat adibide eman ditu: «enpresa batzuk ez dira ari koronabirusak eragindako bajak ordezkatzen, PCRak egiteko borrokatu egin behar izaten dugu, EPIak ez daude osoak edo daudenak ez dira kalitate onekoak...». Lasaren esanetan, «inbertsio gehiago gabe, jende gehiago gabe... gaur gehiago ari gara sufritzen martxoaren 13an greba uztea erabaki genuenean baino».

Jaurlaritza Logoa