Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

Musika beltzaren loraldiaren erdian etorri da Skabidean taldearen 'Izaera' diskoa

Abuztuan 'Beste Bat' saioak egiten ezagutu genituen haien influentziak eta uztaileko Naiz Kontzertuak ekimenaren parte ere izan dira Skabidean talde nafarreko kideak. Sakonago ezagutu ditugu, ordea, MusikHaria saiora egin duten bisitan.

Audio_placeholder

Musika beltzaren loraldiaren erdian etorri da Skabidean taldearen 'Izaera' diskoa

Loading player...
Talde handia osatzen dute Skabideanekoek, bai jendez eta baita musikaz ere.
Talde handia osatzen dute Skabideanekoek, bai jendez eta baita musikaz ere.

Uda sasoia desberdina izan da Skabidean taldekoentzat. Txosnetan edota herriko jaietan izaten dira haien kontzertu gehienak, baina aurten ez dute izan horretarako aukerarik.

Naiz Kontzertuak ekimenaren parte izateko aukera izan zuten eta pozik hartu zuten bertan izateko gonbidapena. «Kontzertua grabatu zen eta hori ederra da guretzat. Bi egun beranduago elkarrekin ikusi genuen eta sentsazio ona geratu zaigu nahi genuena egin genuelako, nahi genuen showa eman genuen» kontatu digute Nikolas eta Antonio taldekideek.

Aurten kaleratu dute 'Izaera' diskoa eta hura aurkezteko asmotan ziren, baina dena bidetik geratu zaie. Aurreko urteko irailean erabaki zuten diskoa egitea eta behin hori eginda, aurkezpen bira mimoz prestatu zuten. Astebururo kontzertu bat zuten antolatuta eta Euskal Herriko lau hiriburutako aretoetan kontzertuak lotuta zituzten.

Hala ere, disko dezente saldu dira Totemen, Madrilen edota Jimmy Jazzen emandako kontzertuetan. Baita jertseak eta kamisetak ere. «Jendea materiala eskuratzeko gogotsu zegoela dirudi. Gure publikoa diskoa kaleratu zain zegoen eta plataforma digitaletan harrera ona izan du 'Izaera' lanak. Kritika positiboak jaso ditugu, tartean Kaki Arkarazorena (bera izan zen diskoa grabatzearen arduraduna) edota urteko diskoa dela esan digun Pello Skalarirena», esan digute Skabideanekoek.

Bruce Springsteenena bezalako bandak gustatzen zaizkie eta egia esan beste haizeen atalera bizpahiru kide gehiago sartzeko aukera ere aztertu zuten, baina momentuz 11 laguneko taldea dira, Euskal Herriko musika talde jendetsuenetako bat, jendetsuena ez bada. Horiei zuzenekoetarako hiru teknikari ere batzen zaizkie. Egoera batzuen aurrean handicap garrantzitsua da: oholtzak, bilerak, entseguak, batetik besterako bidaiak… eta, egun, otorduak ere ezin dituzte mahai beraren bueltan egin. Baina 11 izate horrek egiten du berezi Skabidean taldearen musika.

Musika beltzaren loraldia aipatzen dute beren diskoan eta hori Euskal Herrian ematen ari dela uste dute, batez ere musika tropikalaren bidea jorratzen ari den talde dezente dagoela iruditzen zaie.

Beste bat saioak egiten gozatua hartu zuten eta irratiko esperientzia errepikatzeko gogoz geratu dira Skabidean taldekoak. Entzun itzazue abuztuan gurean egindakoak!

Jaurlaritza Logoa