Zuzenean
«Azken hiruzpalau urtean salto kualitatibo izugarria eman du elektronikak Euskal Herrian» Telmo Trenorren ustez, «baina bidea aspaldi hasi ziren zabaltzen batzuk eta haiek izan dira denon erreferente, Balza edota Makala bezalako DJak».
Sateliteak saioan hain komertziala ez den musika elektronikoa ekartzen du astez aste Telmo Trenor donostiarrak eta aurten saiatuko da gonbidatuak izaten bere saioetan. Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaro baten atarian harrapatu dugu gainera, izan ere bertan izango da Telmo Trenor irakasle lanetan, Donostiako DabaDaba aretoan.
«Dabadadaba inflexio puntu bat izan da Donostiako kluben artean, aurretik DJen aldeko apustua egiten zuten lokal asko zegoen: Eiger, Altxerri, Bukowski, GU, Bataplan bera… Baina DabaDabak nazioarteko zirkuituan erreferentzialtasuna lortu du eta horrek asko lagundu digu gainerakooi ere», kontatu digu Trenorrek.
Garai hauetan klubak itxita izan dira ordea, eta horrek beren egoera okerrera eraman du. «Dena dela aukerak egon badaude, bestelako musika elektronikoak jorratzeko aukera izan da eta, gainera, ekoizpenerako atea zabaldu digu guztioi pandemiak. Hemendik gutxira ikusiko dugu horren emaitza ziur, orain arte ekoizpenean saltsan ibili ez den asko ziur lanean ibili dela», gaineratu du ekoizle donostiarrak.
Gaur ekingo dio 'Sateliteak' saioaren denboraldi berriari eta asteazkenero izango da Naiz Irratiaren uhinetan, gaueko 22:00etan hasita.