Zuzenean

Ion T. BARRENA

Lakuarena «jarrera aldaketa baino pose bat dela» uste du LABek eta akordioak aldarrikatu ditu zerbitzu publikoak indartzeko

Irailaren 15eko greba deialdiari eutsi diote sindikatuek atzo Lakuako Hezkuntza sailburuarekin izandako bileraren ostean. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustez elkarrizketarako deiak «pose hutsa» dira, «[Bildarratz] ez zen proposamen zehatzekin etorri, bere helburua greba desaktibatzea zen». 

Audio_placeholder

Lakuarena «jarrera aldaketa baino pose bat dela» uste du LABek eta akordioak aldarrikatu ditu zerbitzu publikoak indartzeko

Loading player...
Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Elkarrizketarako deia eginez hartu du kargua Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu berriak eta atzo bilera sorta egin zuen hezkuntza komunitateko aktoreekin. Balorazio baikorra egin zuten EHIGEk eta Ikastolen Elkarteak, besteak beste, oso bestelakoa sindikatu guztiek eta ondorioz irailaren 15erako deitu duten grebari eustea erabaki dute. 

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak NAIZ Irratian azaldu du «bilera aurkezterakoan ere argi adierazi zuela sailburuak zein zen bere helburua, greba desaktibatzea». Ez zela proposamen zehatzekin joan dio Aranburuk eta «erabakiak behar» direla. Ratioen murrizketari eusteko beharra azpimarratu du eta hezkuntzako langile guztien egoera bideratzekoa. Grebara joatea «erantzukizun ariketa bat» dela dio sindikatuko idazkari nagusiak. 

Lakuako gobernu berriaren elkarrizketarako deia «Jarrera aldaketa baino pose bat dela» uste du Aranburuk, «sakoneko aldaketarik ez dugu aurreikusten, politika publikoak aldatzeko borondaterik ez dagoelako. Adostasunerako deialdia itxurakeria hutsa da». Hala ere, «akordioen beharra egon badagoela» dio, «langileok benetako akordioak behar ditugu zerbitzu publikoak indartzeko». 

Idoia Mendia lehendakariordeak ere iragarri zuen bilera gonbitea luzatu diela sindikatuei, ostiral goizean oraindik mezu hori jaso gabe ziren LABen. Bilerara joango direla dio Aranburuk, «baina ikusten duguna da elkarrizketa sozialerako mahaira bideratu nahi gaituztela» eta kasu horretan, «marko horretan, sistema hori berreraikitzeko asmoa duen mahai horretan, ez dugu parte hartuko». 

Gastua, diru sarrerak eta baimenak 

Datorrenari aurre egiteko gastu publikoa handitzeko beharrean eztabaida gutxi dago, baina Aranbururen hitzetan, «gastu publikoaz hitz egiteko diru sarrerez hitz egin behar da», bestela «murrizketen politikak etorriko dira bai ala bai». «Politiken erdigunean pertsonak» jartzeko beharra azpimarratu du Aranburuk.

Seme-alabaren bat etxean isolatuz gero hura zaintzeko etxean geratzeko aukera nola arautu eztabaidagai da egun hauetan. Aranburuk gogoratu du bi modutan egin ahal zaiola honi aurre, «baja bat ematea edo ordaindutako baimenak ematea». Bigarren aukerari heltzeko «borondaterik ez» dela izan dio, «enpresei diru kostu bat suposatuko liekelako». Azpimarratu du enpresen aldetik jarrera «ardurarik ez hartzea» izan dela, «kostu guztia administrazioaren edo langileen esku uztea». Edozein modutan, «zaintza lan horietarako gurasoei konponbideak ematea» ezinbestekoa dela adiearazi du LABeko idazkari nagusiak. 

Jaurlaritza Logoa