Zuzenean
«Kezkatzen gaitu gure mendi eta basoen abandonuak, bai, baina batik bat kezkatzen gaitu horren atzetik dagoen guztiak». Argi erantzun du Aitziber Sarobe, Naturkom kolektibo ekologistako kideak gure baso eta mendien egungo argazkiak kezkatzen ote duen galdetuta.
Arazoa egiturazkoa da, aspalditik datorrena, talde ekologistek aspalditik aurrikusten zutena. «Lur jabe askok orain eskuak burura daramatzate pinudi sailetan onddo izurriteak eragiten ari diren sarraskiak direla eta. Baina guk aspaldi iragarri genuen, monolaborantzan oinarritutako eredu honek honelakoak ekarriko zituela˝, azpimarratu digu Sarobek.
Gure basoen ustiaketak egur-industriaren beharrei erantzuten die azken urte luzeetan, ingurumen-kalteei erreparatu gabe, eta jokabide horren emaitzak pairatzen ari gara orain. Ez da erraza, Aitziber Saroberen esanetan, lurjabeak honen inguruan kontzientziatzea, baso baten emaitzak ez baitira berehalakoan jasotzen, sarritan ezta belaunaldi batetik bestera ere. Horregatik da garrantzizkoa administrazioaren esku-hartzea egokia izatea gai honetan, eta basogintza eredua errotik aldatzea, osasuna, ura, bioaniztasuna, baliabideak edota klima aldaketari aurre egiteko aukerak aintzat hartuz.


