Zuzenean
47 irakasle eta 393 ikaslerekin, gaur abiatu du ikasturtea Bernat Etxepare Lizeoak Baionan, Ipar Euskal Herriko gainerako ikastetxeekin batera. Protokolo berriaren xehetasun faltak eta maskaren erabilerak ikasketa prozesuan izango duen eraginagatik kezkatuta hitz egin du NAIZ Irratian Iban Thikoipe zuzendariak.
Ikasturte amaiera korapilatsua izan zenuten, denbora honetan aldaketa asko izan dira?
Aldaketa ainitz izan dira, martxoan kolpez jakin genuen ikastetxea itxi behar genuela, egokitu behar ginela, distantziazko kurtsoak eman behar genituela... hori egunetik biharamunera izan zen, ez genuen inork itxoiten eta egokitu behar izan ginen.
Ekainean berriz Lizeora sartu ginenean egin genuen hautua izan zen ikasleak asten behin eta mailaka sartzea, programa erakargarri bat proposatuz. Aski ongi pasa zen, ikasleak etorri ziren, maila guztietan %95etik gora etorri ziren eta hori zen helburua, ikasturtea borobiltzea.
Orain ezberdina da, beste protokolo bat badugu, alde batetik arindua izan dena garbiketa eta kontuekin baina maskara inposaturik kurtsoa egin beharra zehazten duena, distantzia ez zaigu gehiago inposatua... Alde batzuetatik arindu dute, baina maskarekin irakatsi beharra eta ikasleak maskarekin egon beharra dakar eta agian hori da txarrena. Kezkatuta gaude horrek izango dituen ondorioekin, irakaskuntza komunikazioa ere bada eta aurpegia ikusi gabe ez da erraza komunikatzea.
Protokolo berria ezarri dute...
Ekainean genuen protokoloak 50 orrialde egiten zituen eta biziki zehatza zen, ostegunean atera duten protokoloak 6 orrialde ditu, protokoloaren arintasunak erakusten du hartu behar ditugun neurriak ez direla biziki zehatzak. Garbiketa adibidez, ekainean egunero desinfektatu behar genuen dena eta orain mugatua da irakasle eta ikasleek hunkitzen dituzten eremuetara.
Uste dut arindu dituztela neurriak ezinezkoa zelako langile mailan hori plantan jartzea. Arindu dute helburua delako ikasle guztiak ikastetxeetara joatea, ekonomia bultzatzeko, eta horren arabera jokatu dute. Neurri bat zorroztu dute, maskararena, eta hori da guretzat agian neurri gogorrena.
Neurri propiorik hartzeko aukerarik izan duzue?
Ez, irakasleak jakin behar da Frantziako Hezkunde Nazionalak dituela ordaintzen, eta honek ez du baliabide gehigarririk eman, beraz ditugun irakasleekin egin behar dugu. Langileen kasuan, Lizeoko guraso elkarteak ordaintzen ditu eta ezinezkoa da guretzat langile gehiago hartzea baliabide gehigarririk gabe, gure oreka ekonomikoa bestela zalantzan ematen duelako.
Hautua egin dugu ikasleen parte hartzea galdetzea garbiketarako, ikasleek badute ohitura dagoeneko erratza pasatzekoa, beraz gehitu diegu mahaiak ere garbitzea. Ikasleen parte hartzea handituko dugu garbiketan laguntzeko eta horrekin egingo dugu.
Ikasturte berrirako zer aurreikuspen dituzu?
Biziki zaila da aurreikustea nola pasako den, ikasturte zaila izango dela, hori seur. Hemendik aste batzutara zer neurri izango diren ez dakigu, errana dute Frantzia mailan eskualdeen arabera eta pandemiaren arabera neurriak hartuko dituztela lekuan leku. Ez dut sinesten ikastetxeak isten hasiko direnik kolpez, ez dut uste hori izango denik lehen neurria.
Ezjakintasuna da nagusi, aste hau hasiko dugu guk bi irakasle gabe, haien inguruan positibo eman duten jendeak izan dituztelako eta hamalau egunez etxean egon behar baitira. Halakoak biderkatu egingo dira eta etengabe egokitu egin beharko gara.
Hori talde pedagogikoan aipatua dugu jadanik, badugu esperientzia bat distantziako kurtsoena eta ari gara adosten denen artean nola egingo dugun; adibidez, irakasle bat hor ez denean nola jokatuko dugun, ikasle bat hor ez denean hamalau egunez nola egingo dugun kurtsoa berreskuratzeko... ari gara guzti hori ikusten eta esperientziak esango digu ia ondo gaozen. Baina egia da ezjakintasun handi bat dela gaur egun ikasturtea nola pasako den, kurtsoak zer baldintzetan emango ditugun, argi da ikasturte berezia izango dela.
Berandu iritsi da protokoloa, oro har, jendeak nola hartu du?
Maskarena kezka iturri bat da, nola egingo dugun maskarekin irakastkeo, nola egingo duten ikasleek egun guztian maskarekin kontzentratzeko, baldintza onetan lan egin ahal izateko... Gero, protokolo hori inposatua zaigu, baina abplikatu egin behar dugu. Alde horretatik ez dut zalantzarik, eta taldean ere ez da zalantzarik, protokolo horrekin ados izan ala ez izan, eta hainbat neurri zentzugabekeriak izan daitezkeen arren, aplikatu egin behar dugula.
TESTIGANTZAK:
Peio Aranzabal, Etxepare lizeoko zaintzailea:
Oneka eta Asier, lizeoko ikasleak: