Zuzenean

Oihana Azkue

EuskalGeo, Mendillorri Apps-en joku berria

Mendillorri BHIko ikasleek sortutako Android aplikazioak biltzen ditu Mendillorri Apps-ek. EuskalGeo izeneko jokua da argitaratu duten azken lana. Mikel Urdaniz, Mendillorri institutuko teknologia irakasleak eman dizkigu gazte hauek egindako lanari buruzko xehetasunak.

Audio_placeholder

EuskalGeo, Mendillorri Apps-en joku berria

Loading player...
EuskalGeo
EuskalGeo

Badira urte batzuk Mendillorriko institutuan programazioa lantzeko proiektu praktikoen bitartez lan egiten dutela. Emaitza oparoak ematen dituen metodo pedagogikoa da inondik inora ere. Mikel Urdaniz, irakasleak adierazi digunez, sormena, diziplina eta praktika uztartzeko bidea ematen duelako.

Iruñeko Mendillorri BHIko ikasleek garatu zuten Navargeo jokoan oinarritutako jokoa da EuskalGeo. Izan ere, Navargeo Nafarroako geografia jokoa da, baina Mikel Urdaniz irakasleak azken asteetan joko honi buelta bat eman eta Euskal Herri osoko geografia hartzen duen jokua plazaratu berri du.

Aplikazio berri honen helburua da Euskal Herriko udalerriak leku egokian kokatzea, eta jokatzeko hiru modu ditu: abiadura, ezagutza eta kokapen moduak. Abiadura moduak minutu batean ahalik eta puntu gehiena lortzea du helburu, eta, horretarako, jokoan agertzen diren herriak ahalik eta zehaztasunik handienarekin kokatu behar dira. Ezagutza moduan, 30 kilometroren tartearekin asmatu behar da herriak non dauden kokatuta, eta, denbora mugaturik ez dagoen arren, gehienez hiru huts egin daitezke. Kokapen moduan, berriz, zortzi segundoan asmatu behar da mapan agertzen den puntua zein den. Sailkapenak ere kontutan hartzen ditu, beraz lagun arteko erronkak egiteko ezin aproposagoa da.

EuskalGeo Google Play-en eskuratu daiteke eta doakoa da.

Jaurlaritza Logoa