Zer puntutan gaude? Koronabirusaren egungo argazkia, Ugo Mayorrekin

Ez dirudi birusaren garapenari behar bezain estu eusteko gai izaten ari garenik, «guztion ardura da», dio Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzaileak; herritarrena babes neurriak hartzeko garaian eta instituzioena, arakatzaileen bidez behar bezain gertutik jarraitzeko kutsatzeak. Bietan arrakalak daudela dirudi.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/07/22
Pcr
«0 pazienterik» ez dagoen bitartean, neurriak hartzen segi beharko dela dio Ugo Mayor ikertzaileak

Larritu gaituzte koronabirusaren datuek azken astean. Zer gertatu da? «Zero kasu ez ditugun bitartean mugak jarri beharko dira pertsonen artean transmisioa ekiditeko», Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzailearen arabera. Nola? Bi dira bideak, bata herritarren esku dago, musukoak eta gainerako babes neurriak, instituzioen esku bestea, «ahalik eta PCR gehienak egin behar dira, kutsatuaren inguruko kontaktuak zaindu behar dira eta arakatzaileen bidez begiratu behar da kontaktua izan duten horiek guztiek ia birusa baduten, hirugarren bati ez pasatzeko. Argi dago denak %100era ez direla egin, bestela ez litzateke transmisiorik izango».

Arduratik errura maiz pasa gara azken asteotan eta Mayorrek ez du horretan sartu nahi izan. Zarautz, Eibar edo Ermuako agerraldien iturrian Ordizia egon daitekela aipatu du hainbatek, hala den ziurtatzeko daturik ez duela esan ostean ardura bikoitzaz hitz egin du ikerlariak, «norberak dugu ardura distantzia eta musukoak jartzeko eta instituzioena da ardura jarraipen hori ondo egitea birusa zabaldu ez dadin».

Gazteengan jarri da neurri handi batean fokua, «gizarte osoak aurre egin nahi badiogu honi, sektore bakar batean jartzea pisu guztia ez du zentzu askorik», bere hitzetan, «birusa ez da zabaltzen jendea elkartzeagatik, birusa transmititzen da norbait kutsatuta iristen bada leku horretara», beraz, «lehen ardura da ziurtatzea ez dela iristen inora kasurik eta horretarako jarraipen hori egin behar dugu, arrisku lekuetatik datozen pertsonei PCRak egitea izan daiteke modu bat».

Kutsatu gehienak gazteak izatearen inguruan ere elementu bat gehitu du Mayorrek, «eskualde batean testak modu masiboan egiten ari direnean gazteei ere egiten zaie gaur egun, aldiz orain dela hiru-lau hilabete sintomarik ez zuten edo sintoma txikiak zituzten gazteei ez zitzaizkien testak egiten, beraz alderaketa hori egitean kontuz egin behar da».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia