Zuzenean

NAIZ Irratia

Iriart: «Erantzun argiak behar ditugu, erabakia nork hartu duen eta euskarari buruz zer nahi duten»

Hiriburuko ama-eskola publikoan '%100 euskaraz' esperimentazio egitasmoaren aurkako erabakia «politikoa» dela dio Alain Iriart auzapezak, erabakia Bordelen ez, Parisen hartu dutela eta erantzun argirik jaso ezean, mobilizazioaren bidetik jo beharko dutela. 

Audio_placeholder

Iriart: «Erantzun argiak behar ditugu, erabakia nork hartu duen eta euskarari buruz zer nahi duten»

Loading player...
Alain Iriart Hiriburuko auzapez berrizendatu dute. © Guillaume Fauveau
Alain Iriart Hiriburuko auzapez berrizendatu dute. © Guillaume Fauveau

«Formalitate bat izanen zela pentsatzen genuen eta aurrez abisatu gabe igorri digute gutun hau erranez Frantziako Errepublikako lengoaia frantsesa zela eta gelditzen zutela esperimentazio hau». Modu horretan azaldu du Alain Iriart Hiriburuko alkateak NAIZ Irratian ama-eskola publikoan ezarri asmo zuten murgiltze ereduaren aurka Bordeleko Hezkuntza Akademiak hartutako erabakiarekiko harridura. 

Parisek berak ezarritako baldintzak betez garatu dute '%100 euskaraz' proiektua Hiriburuko ama-eskolan, aktore guztien babesarekin, eta beraz erabakia politikoa dela argi du Iriartek, «erabakia ez dator Bordeletik, Parisetik baizik, erabaki politikoa da». Horregatik, ezer baino lehen «erantzun argiak» behar dituztela dio Iriartek, «Ministeritzaren aldetik arrapostu argiak izan behar ditugu, jakin behar dugu non kokatu den erabakia eta zuzen zer nahi duten euskarari buruz». Eta gero? «arrapostuak entzun eta hauek ahulak badira eta euskararen kontra jartzen badira beharko da mobilizatu». 

Hiribururentzat ez ezik, erabaki kezkagarria da euskarazko gainerako ikasketa prozesuentzat ere, «biziki garrantzitsua da afera murgiltze eredu horretan aurrera egiteko; bai eskola publikoan, bai katolikoetan eta baita ikastolentzat ere». Argudio gisa «Errepublikaren lengoaia» frantsesa dela esatea «harrigarria» da Iriarteren ustez, eta euskarak eremu guztietan izan duen garapena gogoratu ostean bere kezka plazaratu du: «horrek zer esan nahi? Denak geldiarazi nahi dituztela?». 

Sentsibilizaziotik harago 

Aurrerapausoak eman ahala euskarak oztopo berriak aurkitzen dituela salatu du Iriartek, «indarrak eginez ikusten dugu indar horiek bere mugak dituztela». Azken urteetan euskarak hezkuntzan egindako bidearen ezinak ere nabarmendu ditu, «elebitasunaren sistema klasiko horretan haurrek ikasten dituzte zenbait hitz baina ateratzen direlarik kolegiora joateko ez dute euskara menperatzen», horregatik murgiltze ereduaren beharra azpimarratu du, «ez bagara sistema horretara joaten gauzak beltzak egonen dira». 

Hiriburuko alkatearen esanetan «bada sentsibilizazio bat euskararen alde, baina ez gara horretan geratu behar», nabarmendu du euskarak «lekua hartu» behar duela «bai eskolan, bai bizi publikoan, plazan eta noski familietan ere». 

Elkargorako hautagaitzaz 

Jean-Rene Etchegaray Elkargoko lehendakari gisa hautatu berritan izan da Iriart NAIZ Irratian. Bere burua aurkeztuko ote zuen ere aipatu zen, azkenean ez zen horrela izan, «pentsatzen dut domaia dela, baina ni engaiatu nintzen EH Bairen barnean, gure taldeak ez zuen onartu ni joatea eta horrela egin dut». Hala ere, nabarmendu du «bazela beste aukera bat». 

Elkargoaren hurrengo urteetako erronkez, «desafio handi bat» duela uste du, «eskuduntzak hartu ditugu baina orain gorpuztu egin behar ditugu, hurbiltasunari kasu eginez». 

Jaurlaritza Logoa