Etorkizuneko borroka sindikalen «iparrorratza»

Krisiaren aterabidea feminista izan dadin hainbat neurri biltzen dituen dokumentua aurkeztu du ELA sindikatuak. Horiek ezagutzeko asmoz, Informazioaren Hariaren lehen edizioan izan da Jone Bengoetxea, ELA sindikatuko kidea.

Loading player...
Naiz Irratia|2020/07/20
Ela-feminista
‘Krisiaren irtenbidea feminista izango da!’ txostenaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

'Krisiaren irtenbidea feminista izango da' du izena ELA sindikatuak aurkeztu berri duen dokumentuak. Jone Bengoetxea aritu da lana osatzen eta NAIZ Irratian azaldu du maiatzaren erdialdean aurkeztu zuten ‘Krisiari benetako irteera justu bat’ agiria duela oinarrian orain aurkeztu dutenak. Horretan sakontzea izan dute helburu.

Momentu klabe batean aurkeztu dute dokumentua, osasun krisiak bestelako krisi batzuk ere ekarri baititu gurera. 2008ko krisi ekonomikoak ezarritako zutabeak ez errepikatzea dute helburu, «orduko hartan ikusi genuen erabaki eta neurri neoliberal ugari hartu zirela, eta orain ez dugu horrelakorik nahi».

Hiru multzotan sailkatu dituzte proposatzen dituzten neurriak; horietan lehena bizitzeko behar materialak betetzean datza, diru-sarrera duinak eta etxebizitza eskubidea bermatuz. Bigarrenik, zaintza erdigunean kokatzeko politikak abiatzea eskatu dute, eta azkenik, arlo publikoaren sendotzeko beharra ere azpimarratzen dute ELAkoek dokumentuan.

Neurri horiek aurrera eraman ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk ere behar direla jakitun dira. Horretarako proposamenak ere luzatu dituzte, esaterako, erreforma fiskal sakona egitea.


Bengoetxeak nabarmendu du hasiera batean lehentxeago aurkeztekoa bazuten ere, azkenean aurkezpena EAEko hauteskundeen ostean egitea ebatzi zutela. Hain justu, astelehen eguerdi honetan hasiko dira EAJ eta PSEren arteko negoziaketa ofizialak Lakuako Gobernua osatze aldera. Ez dute aldaketa handirik espero ELAn, «gobernu kontinuista» izango dela azpimarratu du Bengoetxeak. 

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia