Zuzenean

Ion GARATE

«Euskaraz normaltasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara»

Gu Ere Bai! ekimenak agerraldia eta elkarretaratzea egin ditu ostiral honetan San Mames estadioaren atarian, Athleticeko jokalariak diren San Josek eta Beñatek euskaraz idatziriko ohar batengatik sare sozialetan jasandako irainak eta mehatxuak salatu eta babesa adierazteko. 

Audio_placeholder

«Euskaraz normaltasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara»

Loading player...
Gu Ere Bai ekimenak egin du deialdia.
Gu Ere Bai ekimenak egin du deialdia.

Mikel San Josek eta Beñat Etxebarriak, Athleticeko jokalariek, ekainaren 30era arte zuten kontratua talde zuri-gorriarekin. Liga ohikoa baina gehiago luzatu denez, San Josek eta Beñatek, nahiz eta kontratua amaituta izan, ohar bat egin zuten publiko beraien sare sozialetan denboraldia Athleticen amaituko zutela iragarriz. Euskara hutsean egin zuten ohar hori eta hortik etorri ziren batzuen irainak. Bada, Gu ere bai! ekimenak, euskal selekzioen aldarrikapena bultzatzeko sortu zen ekimenak, elkarretaratzea egin du ostiral honetan 12:00etan San Mames parean bi jokalariei babesa adierazteko, eta gurean izan dugu Patxi Gu ere bai! ekimeneko kidea.

Gu ere bai! ekimeneko kideak, salatu baino, bi jokalariei «babesa eta elkartasuna» adierazi nahi izan dietela azpimarratu du, ohartaraziz «euskaraz kirola egin nahi dugun honetan, beste batzuk euskara erasotzen» ari direla. «Euskaraz normaltasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara», dio Patxik. Gogora ekarri ditu bere garaian Gaizka Garitanorekin prentsaurreko batean gertatu zena eta baita Aritz Adurizen agurra, euskara hutsean egin zuena.

«Gaurkoan euskalgintza da hona gerturatu dena: kirolzaleak, euskararen militanteak, euskararen aldeko elkarteetako kideak... euskaltzaleak egon gara hemen, eta ozen esan dugu euskaraz bizitzeko eskubide hori aldarrikatzen dugula eta kirolean ere euskaraz aritzeko gogo izugarria dugula», azaldu du Gu ere bai! ekimeneko kideak.

Lan munduan bezala, hedabideetan bezala, interneten bezala, kirol munduan ere asko dagoela egiteko aitortu du Patxik. «Asko egiten ari gara euskara normalizatzeko, baina oraindik lanean jarraitu beharko dugu. Euskal Herriko estadio, kiroldegi, aldagela, eta mendi, zelai eta itsasoa bera euskararen gune bilakatu behar dugu», adierazi du Patxik.

Jaurlaritza Logoa