Zuzenean

Naiz Irratia

Peio Igeregi (ELA): «Siemens Gamesarekin bezala, edozein lantoki egon daiteke deslokalizazioaren arriskuan»

Siemens Gamesaren Agoitzko lantokiaren itxierak gogor astindu du herria. 239 langile kaleratuko dituzte, baina ondorioak, eskualde osoan sumatuko dituzte. Itxierak ezustekoan harrapatu ditu sindikatuak eta erakunde publikoak, erabakia bat batekoa izan delako. Hala kontatu du Peio Igeregi ELAko Industria arloko arduradunak Naiz Irratian. 

Audio_placeholder

Peio Igeregi (ELA): «Siemens Gamesarekin bezala, edozein lantoki egon daiteke deslokalizazioaren arriskuan»

Loading player...
Siemens Gamesa lantegiaren itxieran 239 langile utziko ditu kalean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Siemens Gamesa lantegiaren itxieran 239 langile utziko ditu kalean. (Iñigo URIZ/FOKU)

 

Zuhur eta lur gelditu ziren atzo herritarrak Siemens Gamesak Agoitzen duen lantokia itxiko zuela jakitean. Orduak aurrera egin ahala, ordea, harridura, haserre bihurtu da. Ezen, itxierak 239 langile diru sarrerarik gabe utziko ditu.

Ondorioak Agoitzen ez ezik, eskualde osoan sumatuko dituzte, krisi ekonomiko eta demografikoan sakonduz. Langabezia tasa Nafarroako bataz bestekoa baino altuagoa da bertan, eta gainera, Nafarroako beste hainbat eskualdeetan bezala, biztanleria behera egiten ari da. 

Peio Igeregi ELAko Industria arduradunak dio, «egoera zail baten aurrean» daudela langileak. Baina ziurtatu du ez dagoela «dena galduta»; konbentzituta agertu da erakunde publikoen babesa dutela eta erabakia atzera bota daitekeela.

Igeregik gogoratu du, erabaki orain hartu duten arren, langile askoren arabera atzetik datorren kontua dela; Siemens enpresa alemaniarrak Gamesa erosi zuen unetik, hain zuzen ere. Operazio horrekin eragiteko eta erabakitzeko ahalmena «Euskal Herritik urrundu» zela iritzi dio ELA sindikatuko kideak. Horri gehitu dio, zenbakiak eta produkzio tasa aintzat hartuta, Agoitzekoa ez zela krisian zegoen lantoki bat. Azken urteetan produkzioa bikoiztu egin dute eta 150 lanpostu berri sortu. Kaltetuen arabera, enpresak baliatu duen errentagarritasun faltaren arrazoia, lantokia deslokalizatzeko aitzakia besterik ez da.

Deslokalizazioen mehatxua

«Euskal Herrian industriak pisu handia du, baina enpresa handi asko multinazionalen menpe daude», dio Igeregik. Une honetan, COVID-19aren testuinguru ekonomikoa baliatu dezaketela uste du Igeregik deslokalizazio berriak egiteko. «Edozein lantoki egon daiteke deslokalizatzeko arriskuan».

Industria politika soilik etekinetara zuzentzen bada, «deslokalizazioaren mehatxua ez da desagertuko» ELAko kideak dioenez. Industria estrategikoak lurraldean mantentzea, hori da ELAren proposamena burujabetza industriala lortzeko.

ELAn ez daude atzerriko inbertsioen aurka, baina argi dute, herrialde baten  aberastasuna ezin dela atzerriko enpresen esku egon. Multinazionalen boterea mugagabea izan ez dadin, erakunde publikoen babesa beharko du industriak.

Jaurlaritza Logoa