Ander Elosegi: «Olinpiadetako plazak mantendugo egingo dituztela esan digute, horretara begira nago»

Nazioarteko hainbat txapelketetan ibilitakoa, hiru hitzordu olinpikotan finalera iritsi eta diplomak lortutakoa... Tokioko Olinpiadak helburu dituela ari da entrenatzen Ander Elosegi BAT Basque Teameko kirolaria. 

Loading player...
Ion GARATE|2020/06/25
Whatsapp_image_2020-06-24_at_15.30.47
Ander Elosegi BAT Basque Teameko kirolaria.

Tokioko olinpiadei begira ari da lanean Ander Elosegi BAT Basque Teameko kirolaria. Irungoa da bera, Santiagotarrak klubean egin zituen bere lehen pausoak canoe eta kayak munduan, eta ordutik hainbat txapelketa internazionaletan ibilitakoa, eta zer esanik ez hiru hitzordu olinpikoetan finalera iritsi eta diploma lortutakoa. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu piraguismoaren inguruan, egun beraien kirolak bizi duen egoeraz, besteak beste.

Elosegik azaldu du hasi direla uretan entrenatzen, «baina oraindik ere ez dakigu noiz hasiko garen lehiatzen». Bere helburua Tokioko olinpiadak dira, baina datorren urtera atzeratu dira, beraz badu denbora oraindik ere. Aurtengo denboraldiko lehiaketa gehienak bertan behera geratu dira. «Batzuk atzeratu egin dituzte eta baliteke iraila aldera nazioarteko probaren bat egitea, baina ez dira izango oso ofizialak, nolabait egutegia betetzeko», dio Elosegik. 

Datorren urtean egingo diren Tokioko olinpiadetan plazak mantenduko ote diren galdetuta hauxe erantzun du irundarrak: «ideia hori da, plazak mantentzea. Gero ikusi beharko da ez baitago erabaki ofizialik, baina entrenatzaileek eta federaziotik plazak mantentzeko ideia dagoela esan digute. Hori niretzat ona da, horrela zentratu naiteke helburu horretan». 

Bestetik, Elosegik adierazi du, konfinamenduan saiatu direla, «forma ahalik eta gutxien galtzearren», kayak ergometroarekin etxean entrenatzen, «baina garbi dago ez dela berdina, ur lasaietan ibiltzen direnek agian hobeto eraman dute, baina gure kasuan simulazioa ez da hain egokia», dio Basque Teameko kirolariak.

Modalitateak

Elosegi ur bizietako kanoa monoplaza modalitatean ibiltzen da, eta zein modalitate dauden galdetuta hauxe azaldu du irundarrak: «Canoe eslaloma, batez ere ur bizitan egiten den arloa da, eta kategoria honetan bi modalitate aurki ditzakegu. Batetik, kanoa, orri bateko palekin ibiltzen garena, eta bestetik, kayaka, bi orriko palekin. Helburua ibaian jartzen den ibilbidea ahalik eta azkarren egitea da». 

Piraguismoaren egungo egoera

Piraguista irundarrak nabarmendu du beraien kasuan «zorte ona» dutela babesleekin. «Guk zorte ona dugu babesleekin. Basque Team da hemen dugun babeslerik handiena eta beraien laguntzarekin eta beste iturrietatik ditugun laguntzekin, goi mailan egonda bizi gaitezke kirolaz soilik, hori bai, ez bizitza osorako, jarduten dugun bitartean bakarrik», azpimarratu du Elosegik.  

Gaineratu du, Euskal Herrian gazteak «beti indartsu» datozela eta hori ona dela. «Egia da klub askorik ez dagoela, baina daudenak lan ona egiten ari direla uste dut eta beti ateratzen dute jendea gero goi mailan ibiltzen dena», dio irundarrak.

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia