Zuzenean
Koronabirusak bertan behera utzi du Huntzak hilabete hauetarako zuen kontzertu egitaraua. Batera eta bestera ibiltzekoak ziren, «pena ematen du kolpean nola erori diren kontzertu denak», dio Inhar Eskisabel taldekideak. «Azkenean talde batentzat udara izaten da kontzertu mordoxka izaten dituen tartea eta udara guztia bertan behera geratu zaigu, baita martxotik hona genituen denak ere», gehitu du Uxue Amonarrizek.
Badu alde onik, ordea, honek. Ostiraleko NAIZ Kontzertuetako emanaldia prestatzeko tartea izan baitute, Aitzol Eskisabel: «Beste kontzertu guztiei baino prestaketa denbora gehiago eman diogu, herdoilak ondo kenduta gatoz eta animatuta gaude». Gainera, kontzertuak bertan behera geratu diren arren, ez dira geldi egon Huntzakoak, «aprobetxatu dugu lokalean sartu eta zerbait berria eta berezia prestatzeko».
Eszenatokia bera izaten ari da sorpresa iturri NAIZ Kontzertuetan eta ostiralekoan ere zerbait berezia espero genezakeela aurreratu dute Huntzakoek NAIZ Irratiko Bigarren Kafean, «kontzertu berezia izango da, formatu aldetik, noski, baina baita kokapen aldetik, bai publikoa eta bai gu non kokatuko garen, intimoagoa», dio Inharrek. «Ez gara joan kontzertu normal baten bila», gehitu du Aitzolek.
Kontzertuetara buelta
Etorkizun hurbila ez dago batere argi ez Huntzarentzat eta ezta gainerako musika taldeentzat ere, bide horretan NAIZ Kontzertuak aukera ona dela uste du Aitzol Eskisabelek, «NAIZen kontzertu hauek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu», presio puntu bat ere badutela dio, baina ostiralean «denak gustura geratzeko moduan jotzea» espero duela.
Sarrerak salgai daude naiz.eus/naizkontzertuak helbidean. Ostiralean 21.25ean hasiko da NAIZ Irratiaren atariko saioa eta 22.00etan kontzertua. Sarrera duenak asteburu guztian ikusi ahal izango du kontzertua.