Zuzenean

naiz irratia

Mikel Alvarez (Satorralaia): «Txiripaz ez da ezer larriagorik gertatu metroaren lanen ondorioz»

Donostiako metroko tunelaren eraikuntzan, joan den astean sabaiaren zatitxo bat zulatu eta ura erruz sartu zela salatu du Donostiako metroaren aurkako Satorralaia mugimenduak. Mikel Alvarez bertako kidea Naiz Irratian izan da eta adierazi du aurreikusita zegoen zerbait gertatu dela. Metroaren obra lanetan irregulartasunak daudela uste du, eta erakundeei adierazi die metroaren obra lanekin jarraitzea baino lehentasun garrantzitsuagoak daudela.

Audio_placeholder

Mikel Alvarez (Satorralaia): «Txiripaz ez da ezer larriagorik gertatu metroaren lanen ondorioz»

Loading player...
Donostiako metroaren eraikuntza lanak.
Donostiako metroaren eraikuntza lanak.

Mikel Alvarez Satorralaia mugimenduko kidearen hitzetan, irregulartasunek inguraturiko azpiegitura baten aurrean gaude eta aurreikusitako zerbait gertatu da. «Gertatu den ezbehar larri hau iragarritako gertaera bat izan da». Alvarezek salatu du ez dela gertaera bakarra eta metroaren obra lanen ondorioz beste eraikin asko ere kalteak jasaten ari direla. «Hamarnaka salaketa egon dira eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egiten». Metroko obra lanak egiten ari diren guneak zimendatuta daude Alvarezek azaldu duenez eta oso inguru problematikoak dira. Gaineratu du inguruak ezegonkorrak izan eta gainera azterketarik egin gabe ari direla lanak egiten.

Herritarren interesetatik urrun

Argi utzi nahi izan du Mikel Alvarezek herritar asko direla metroaren beharrik identifikatzen ez dutenak. «Sekulako xahuketa ekonomikoa da». Gaineratu du egitasmo hau oso lotuta dagoela Donostian sustatzen ari diren politika urbanistikoekin. «Azpiegitura hori ez dago herritarrentzat pentsatua».

Pandemia egoeraren erdian metroaren obra lanekin jarraitu eta gainera lehentasun bezala ezartzea inposizioa da Alvarezentzat Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Horregatik, metroaren obrak momentuz bertan behera uztea eskatzen du Satorralaia plataformak. «Gizartean badira lehentasun handiagoa duten beste premia batzuk».

Jaurlaritza Logoa