naiz irratia

Bakartxo Ruiz: «Fiskalitatea ukitu gabe ezinezkoa izango da krisialdi honi aurre egitea»

Koronabirusak ekarri duen eta utziko duen krisi ekonomikoari begira jarrita, Bakartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren bozeramalea Naiz Irratian izan da. Argi dauka diru sarrerak murriztu egingo direla eta horri aurre egiteko gastu sozialak handiagoa izan beharko duela. Ekonomiaz, gizarteaz eta gaurkotasunezko gaiez aritu da Informazioaren Harian.

Audio_placeholder

Bakartxo Ruiz: «Fiskalitatea ukitu gabe ezinezkoa izango da krisialdi honi aurre egitea»

Loading player...
Bakartxo Ruiz. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Bakartxo Ruiz. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Koronabirusak eragindako etenaren erdian, Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramalea Informazioaren Harian izan da eta adierazi du une hauetan, osasunaren atzetik krisi ekonomikoari buelta ematea dela Nafarroako Gobernuak duen erronkarik handiena.

Krisi ekonomikoaren aurrean diru sarrerak nabarmen murriztuko direla dio, eta gastu sozialak handiagoa izan beharko duela. «Lehentasunak finkatzea garrantzitsua da, bestelako eredu bat martxan jartzeko». Jakitun da Nafarroako 2020ko aurrekontuak onartuta daudela eta zailtasunak izango dituztela moldaketak egiteko, baina diru partidak lehentasunezko beste bide batzuetara eraman beharko direla uste du. Horretarako fiskalitatean aldaketa sakonak planteatu behar dira Ruizen hitzetan. «Diru sarrerak bai ala bai handitu beharko dira, eta horrek hausnarketa sakona eskatzen du».

Joan den astean EH Bilduk PSOErekin eta Unidas Podemosekin sinatutako hitzarmena oso positiboa da Bakartxo Ruizentzat eta uste du alderdikeriak alde batera utzita, edozein herritarri ondo iruditzeko moduko neurriak hartzea adostu dutela. «Jendarteari bere eskubideak bermatzeko aukera handiagoa emango dio». PSOEk akordioa sinatu eta hurrengo egunean bestelako iritzi bat partekatu zuen, besteak beste 2012an onartutako lan erreforma osorik ez, erreforma horretako puntu batzuk aldatzea soilik hitzartu zutela adieraziaz. Ruizek dio orain sozialistek eurek argitu beharko dutela sortu den zalaparta.

Urruntze politikari behingoz amaiera emateko zain

Atzo jakin genuen Euskal Herritik urruti dauden espetxeetan preso dauzkaten 327 euskal herritar euskal kartzeletara lekualdatzeko eskatu diola Lakuako Gobernuak Espainiako Gobernuari. Bakartxo Ruizek uste du garrantzitsua dela bide horretan aurrera jarraitzea, alarma egoerak oraindik eta gehiago okertu duelako presoen egoera. «Mugimenduek jarraitu egin behar dute espetxe politika horiei amaiera emateko».

Iruñeko Udalak Nafarroako hiriburuko haur eskoletan euskarazko eskaintza murrizteko erabakiaren harira, Joseba Asironen legealdian emandako aurrera pausoan atzera egitea izan dela dio. Gaineratu du egoera larria dela eta erabaki horiek aldarazten saiatu behar dutela.