Zuzenean
Hainbat ikastetxetan eskolara itzultzeko eguna izan da gaur. Lakuaren arabera ikastetxeen %20an abiatu dute itzulera prozesu hori. Sindikatuek eta ikasle eragileek ez dute begi onez ikusi urrats hau.
ELA sindikatuko Miren Zubizarretak erabakiak azkarregi eta pentsatu gabe hartu izana leporatu dio Lakuako Gobernuari. «Prezipitatua izan da erabakia eta ez du ikastetxeekin landu». Erabakiaren atzean bi arrazoi nagusi egon daitezkeela uste du Zubizarretak. «Argi geratu da ekonomia eta produkzio sistema hau lehenesten dituela Eusko Jaurlaritzak». Lakuari erabakiak herritarren osasunaren gainetik jarri izana leporatu dio.
LAB sindikatuko Irati Tobar ere era berean mintzatu da. Lakuako Gobernuari erabakiak sindikatu eta hezkuntzako eragileekin hitz egin gabe hartu izana leporatu dio. «Gobernuaren helburu bakarra podukzioa eta hauteskundeak mantentzea izan da».
Biek adierazi dute ikasgeletarako itzulera honetan Hezkuntza Sailak ezarri dituen neurriak hezkuntza eragile eta sindikatuekin kontsultatu gabeak izan direla. «Ikasgela guztiak ez dira berdinak. Ikasgela guztietan ezin dira 15 ikasle distantziak mantenduta sartu». Irati Tobarrentzat distantzia neurriak, higiene neurriak eta babes neurriak ezin dira berdinak izan ikastetxe guztietan. Horregatik, ikastetxe bakoitzarekin adostutako babes protokolo bat zehaztu beharko litzatekeela uste du.
Hurrengo ikasturterako gauzak beste era batera
Miren Zubizarretak dio aurtengo ikasturtea bukatzeko ere Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailak adin tarte batzuetako ikasleekin zer gertatuko den zehaztea falta dela oraindik. «Ez dakigu zer gertatuko den 0-3 zikloko eta 3-6 zikloko ikasleekin». Hurrengo ikasturteari begira jarrita, bai Zubizarretak eta baita Tobarrek ere, nahiko ilun ikusten dute etorkizuna. Irati Tobarrek dio itzulera plan egoki bat izateko ikastetxeetako ordezkari eta sindikatuetako kideekin hitz egin behar duela Hezkuntza Sailak. Miren Zubizarreta ere ados dago horrekin. «Ezin da hurrengo ikasturteko kudeaketa aurtengo ikasturte amaierari begira egin denaren berdina izan».