Zuzenean

naiz irratia

Alkateen kezka, Foru Aldundiak iragarritako murrizketaren aurrean

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zer eragin izango du honek? Kezkaz hartu dute alkateek. Zumarragakoa, Mikel Serrano, eta Orexakoa, Eneko Mayoz, izan dira NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Alkateen kezka, Foru Aldundiak iragarritako murrizketaren aurrean

Loading player...
Mikel Serrano Zumarragako Alkatea eta Eneko Mayoz Orexako Alkatea. (Zumarragako Udala eta Tolosaldeko Ataria)
Mikel Serrano Zumarragako Alkatea eta Eneko Mayoz Orexako Alkatea. (Zumarragako Udala eta Tolosaldeko Ataria)

Koronabirusak ekarri duen krisialdi honen aurrean, joan den asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiak Dekretu-Araua onartu zuen Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 inguru murrizteko. Horrek Gipuzkoako Udalek urte osorako prestatu ohi dituzten aurrekontuetan eragin nabarmena izango duela argi daukate Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Eneko Mayoz Orexakoak. 

Mikel Serranok adierazi du neurri honen ondorioz urtarrilean onartu zuten aurrekontuari berriz begiratu beharko diotela. «Lehentasunak markatu beharko ditugu». Serranok adierazi duenez, Zumarragako Udalak prestatu zuen aurrekontuaren %20k, gutxi gorabehera, 400.000€ ko balioa izango luke. Erabakiaren aurrean, Aldundiaren aldetik malgutasun falta egon dela adierazi du Serranok. «Ez dut uste gauzak erabakitzeko bide egokia denik». 

Eneko Mayoz Orexako alkatea ere ildo berean mintzatu da. Adierazi du urteko aurrekontuaren %85 Foru Funts horretatik jasotzen duela Orexako Udalak eta galera nabarmena izango dela. «Guri dena deskuadratzen digu, guztia airean geratzen da». Mayozek gaineratu nahi izan du, hasiera batean Aldundiak iragarri zuela murrizketa hori moldagarria izango zela, baina azkenean inolako iritzi eta argudiorik kontuan hartu gabe ezarri dutela. Era berean salatu nahi izan du Aldundiak bere interesei begiratu diela, eta ez dela udalekin harremanetan jarri erabakia harzterako orduan.

56 alkatek gutuna zuzendu diote Ogasun Diputatuari

Erabakiaren ostean, Gipuzkoako Udal ezberdinetako 56 alkatek eskaria zuzendu diote Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Diputatuari neurria atzera bota dezan. Orexako Eneko Mayoz da horietako bat. Argi dauka hemendik aurrerakoa zaila izango dela ikuspegi ekonomikoari dagokionean, eta uste du erabakia adostua zian balitz askoz egokiagoa izango litzatekeela. «Elkarlanean hartu behar dira erabaki hauek».

Jaurlaritza Logoa