Naiz Irratia

«Kirola egiteko beste aukera bat zabaltzen da gaurtik aurrera»

Konfinamenduak, beste gauza askoren artean, etxetik kanpo kirola egitea ere mugatu egin du. Deseskalatze fasean sartuta gaudenetik apurka apurka aukera gehiago dugu kirola egiteko eta gaurtik aurrera lurralde historikoan zehar mugitu gaitezke kirolaren aitzakian. Jon Redondo Eusko Jarularitzako Kirol zuzendaria Naiz Irratian izan da egoeraren inguruko xehetasunak ematen.

Audio_placeholder

«Kirola egiteko beste aukera bat zabaltzen da gaurtik aurrera»

Loading player...
Jon Redondo. (ehkirola.eus)
Jon Redondo. (ehkirola.eus)

Eusko Jaurlaritzak emandako aginduen arabera gaurtik aurrera lurralde historikoan zehar mugitu gaitezke kirola egiteko. Hala ere ohiko ordu mugak errespetatu egin behar dira eta kirola, orokorrean, bakarka egin daiteke. Koronabirusak, beste gauza asko bezala, etxetik kanpo kirola egitea debekatu egin du eta kirol txapelketa guztiak ere bertan behera geratu dira. Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria da eta Informazioaren Harian egoeraren inguruko azalpenak eman ditu.

Herritarrek kirola egitearen kasuan, Redondok azaldu du deseskalatzearen fase bakoitzean egin daitekeenari eta ezin denari begira daudela. «Kontuan izan behar da kirol esparrua erabat gelditu dela». Deseskalatze faseei dagokienez, gaurtik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek lurralde historikoan zehar mugitzeko aukera dute kirola egiteko. «Beste aukera bat ematen digu horrek». Kirol instalazioei dagokienez, lehenengo fase honetan oso gutxi dira zabaltzeko aukera daukatenak Redondoren hitzetan, tenis eta golf instalazio batzuk besterik ez. «Oso zaila da neurriak betetzea».

Bigarren fasetik aurrera Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak azaldu du kirol instalazioek %30era zabaltzeko aukera izango dutela. Neurri bereziak bete beharko dira ordea; hala nola erabiltzaileen arteko distantzia, higienea edo aurretik txanda hartu beharra. «Paperean erraza da hori. Praktikara eramandakoan ikusi egin behar». Redondok gaineratu du kiroldegi bakoitzaren kasuan herri bakoitzeko udalak ikusi beharko duela zenbaterainoko gaitasuna duen neurrietara egokitzeko. «Herri bakoitzean abiadura ezberdinean joango da normaltasun berrirako bide hori».

Kirol txapelketak ez aurrera, ez atzera

Kirol profesionala eta txapelketak ere, nola ez, etenda daude une hauetan. Aurrera begira zer gertatuko den galdetutakoan, Redondok adierazi du berari ere gustatuko litzaiokeela jakitea zer gertatuko den. «Konstiente izan behar dugu egoera honetan gauzak 15 egunetik 15 egunera aldatu daitezkeela». Jaurlaritzako kirol zuzendariak adierazi du txapelketa eta froga asko bertan behera geratzeak galera ekonomiko nabarmenak ere ekarri dituela. Arriskuan ikusten ditu euskal klub eta talde txiki asko. «Ikusi egin behar zer egin dezakegun kirol egitura txikiak mantentzeko».

Euskal Herriko kirol zita garrantzitsu batzuk aipatu ditu Redondok. Txirrindularitzako Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa aurten bertan behera geratu dira adibidez. Irailean hasi eta hurrengo urteko ekainera bitarte jokatzen diren kirol txapelketak ere airean daude orain Jaurlaritzako Kirol Zuzendariaren esanetan. «Buru pixka bat izan eta osasuna lehenetsi behar dugu».