«Badirudi egoera normalizatuta dagoela, eta ez da horrela»

Aurrez aurreko eskolak maiatzaren 18tik aurrera martxan jarri nahi ditu berriz ere Lakuak. Sindikatuek ohar bateratu batekin erantzun diote gobernuari, osasun baldintzak bermatu ezean ez direla ikasgeletara itzuliko. Steilaseko Ana Perezek azaldu du NAIZ Irratian oraindik informazio asko falta zaiela.

Loading player...
naiz irratia|2020/05/11
Portadarako_01
Ana Perez.

Irakasleen sindikatuak ez daude ados Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailak prestatutako ikastetxeetara itzultzeko planarekin. Nekane Murga Hekuntza Sailburuak eman zuen ostiralean plan honen berri, eta berehala erantzun zuten sindikatuek ohar bidez. Ana perez STEILAS sindikatuko ordezkaria da eta Informazioaren Harian azaldu du ez daudela ados erabakiarekin.

«Arineketan hartutako neurria dela dirudi». Lakuako Gobernuak iragarri du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak eta Batxillergoko eta Lanbide Heziketako bigarren mailako ikasleak izango direla maiatzaren 18an ikasgeletara itzultzen hasiko direnak. Neurriak ere iragarri dituzte; hala nola ikasgeletan gehienez 15 ikasle egongo direla edota gutxieneko distantzia neurriak bete beharko dituztela. Perezek dio, ordea, eurentzat ez dela nahikoa. «Ikusten dugu osasun baldintzak ez daudela bermatuta».

Steilaseko ordezkariaren arabera neurri gutxi batzuk zehaztu ditu Lakuako Gobernuak, eta beste gauza asko zehazteko daude oraindik. Adibidez, ez dakite maskaren erabilera nola bermatuko duten, ezta erabiltzen diren maskara horiek egokiak izatea nola bermatuko duten ere. «Ez dakigu irakasle lanaz gain erizainena ere egin behar ote dugun». STEILASeko ordezkariak gaineratu du hasieran telelana ezartzea kostatu bazitzaien ere, une hauetan ikasle ia guztiak konektatuta daudela eta irakaskuntza modu egokian ari direla ematen.

Osasun baldintzak bete ezean ez dira lanera bueltatuko

Ana Perezek argi utzi nahi izan du osasun baldintzak betetzen ez badira lanera ez itzultzen saiatuko direla. «Badirudi egoera normalizatu batean gaudela, eta ez da horrela».  Lakuako Gobernuak EAE 1. Fasera igarotzeko hartutako neurri berezietan garbi ikus daiteke hori Perezentzat. Azaldu du kasu batzuetan ematen duela askoz ere erosoago ari direla irakasleak etxetik lanean. «Geu gara ikastetxeetara itzuli nahi dugun lehenak». 

Aurrera begira edozein mobilizazio egiteko prest daudela iragarri du. Oraindik gauza asko zehazteke dagoela gabri utzi nahi izan du Perezek. «Astebete falta da eta inork ez daki ezer oraindik».

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia