Zuzenean

Naiz Irratia

Komunitatea babestu eta zaintzeko aldarria

Pasa den astean jakin genuen hainbat eremutako 55 pertsonek manifestu bat sinatu dutela «Komunitatea eta, bereziki, zaurgarritasun handiena duten pertsonak babesteko» eskatuz. Horren inguruan gehiago jakin asmoz, Naiz Irratian izan da Yolanda Jubeto ekonomilari feminista, sinatzaileetako bat.

Audio_placeholder

Komunitatea babestu eta zaintzeko aldarria

Loading player...
San Frantzisko auzoa, Bilbo
San Frantzisko auzoa, Bilbo

55 lagun batu dira manifestu honenpean; askotariko pertsonak daude sinatzaileen artean, unibertsitateko irakasleetatik hasi eta kultura edo kirol munduko pertsonetara arte. Yolanda Jubeto ekonomilari feminista da horietako bat. Azaldu du manifestuaren berri Bilboko elkarteen koordinakunde baten eskutik jaso zutela. REAS Euskadi da koordinakunde hori.

REAS Euskaditik bi elementu izan dituzte buruan manifestua martxan jartzeko garaian: «Batetik, ikusten ari ginen Bilboko zenbait auzoetan poliziaren hainbat eraso gertatzen ari zirela, eta bestetik, auzo horien berezitasunak tarteko, elkartasun sareak berehala hasi zirela eratzen». Horiek horrela, manifestua ez Bilbon bakarrik, Euskal Herri osora zabaltzea ere erabaki zuten. Euren helburua «komunitatea zaindu eta tratu txarrak ekiditeko» mezua zabaltzea izan da.

Elkartasun sareek egindako lanean egin dute batez ere azpimarra sinatzaileek; Jubetok «oso baikor» ikusten du hauek egindako lana, baina gogora ekarri du Bilbon zehazki lehendik ere sortuta zirela batzuk, etorkinei laguntzeko sareak, kasu. «Jendea beti dago erne eta prest laguntza emateko».

Baina salaketa ere egin dute testigu izan direlako polizien zenbait tratu txar kasuez; Bilbo inguruan hainbat elkarteren ahotan «arrazismo instituzionala» erabiltzen dela gogorarazi du Jubetok, tratu txar kasu horiek ez direla «kontu berria» azpimarratuz. Baina azpimarratu du egoera honetan areagotu egin direla. «Badakigu ez dela poliziaren praktika orokortua, baina badute joera hori. Kasu batzuetan agindutako portaerak izan dira gainera». Jubetok uste du herritarrek ez dutela horrelako poliziarrik merezi, «gertukoagoa eta bizilgunei laguntzeko prest dagoena» baizik.

Ondorioak emankumeengan gogorrago

Inork ez du zalantzarik egiten egungo krisiak gogor astintzen ari dela guztioi, baina Jubeto bereziki kezkatuta agertu da emakumeengain izango duen eraginagatik; «pobrezia» aipatu du lehen elementu gisa, baita «bortizkeria matxista» ere. Itxialdian egotean etxe barruan geratzen ari dira eraso horiek, eta salatu du ez direla neurri gehiegi jarri horiei aurre egiteko. Ildo horretan, gogora ekarri du badirela urteak San Frantzisko auzoan Emakumeen Etxea martxan jartzea eskatzen dutela, baina nabarmendu du Udalak ez diela jaramonik egiten.

Jaurlaritza Logoa